Langileon kontrako politikekin amaitzea exijitu du ELAk Bruselasen

2010/09/30
Europako Sindikatuen Konfederazioak deituta irailaren 29a Europako Ekintza Eguna izan zen. Ehunka mila langile elkarretaratu ziren Europako hainbat herrialdeetan deitutako protestetan. Eguneko ekitaldi nagusia Bruselasen egin zen; manifestazio erraldoi batek Europa osotik joandako milaka eta milaka langile bildu zituen.

Orotara, 30 herrialdetako 50 sindikatutako ordezkariak elkartu ziren.
ELAk ere ordezkaritza zabala bidali zuen Bruselasera. Nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarrik nabarmentzen duenez, Europako osoko gobernuek iragarritako austeritate planek ondorio larriak izango ditu langileentzat. “Langileok ez genuen krisia sortu, baina guk ordaindu behar dugu. Orain arteko eskarmentuak ELAk aspaldi esan zuena berresten du: iragarritako neurriek krisia areagotu besterik ez dute egingo. Bestelako politikak behar ditugu, eta horiek lortu aldera mobilizatzen jarraituko dugu”.
Euskal Herrian bezala, Europa osoan kolokan daude hamarkada luzeetako borroken ostean lortutako eskubideak. Horregatik mobilizatzen jarraitzeko deia luzatzen du ELAko nazioarteko arduradunak. “Herrialde ezberdinetan izandako ekimenek agerian utzi dute gobernuen politika ekonomikoaren aurka erantzun bateratu orokor bat ematearen garrantzia”.