Langileria da krisiaren ondorioak ordaintzen ari dena

2010/01/29
2009an enplegu suntsiketa handia eman dela Hego Euskal Herrian adierazten dute Biztanleria Aktiboaren Inkestak gaur argitaraturiko datuek.

 

Zehazki, 1.189.700 pertsona egon dira lanean, 2008ko laugarren hiruhilekoan baino 58.700 gutxiago. Hau da, urte beteko epealdian zegoen enpleguaren %4,7a suntsitu da.

155.300 pertsona egon dira langabezian, aurreko ekitaldiko epe berdinean baino 41.600 gehiago. Datu honek %36,6ko igoera erakusten du langabe kopuruan, azaroko 27-EBeko %27,8arekin alderatuz. Hau da, mundu guztian  eragiten ari den ekonomi egoera batean, Hego Euskal Herrian enplegu gehiago deuseztatzen ari da, krisialdia aitzakiatzat hartuz, eta enpleguaz desegitea dohain baimentzen duen behin-behinekotasun altuan oinarrituz.

Izan ere, galdutako enpleguaren parte handi batek behin-behinekoa izaten jarraitzen du, aldi-baterako kontratudun soldatako langileria 36.300 pertsonatan murriztu baita ekitaldian zehar Hegoalden.

Langabezi tasa %11,5ekoa izan da, duela urte bete baino 3,2 puntu altuagoa. EB-27ko langabezi tasa %9,5koa izan da azaroan, Hego Euskal Herrikoa baino 2 puntu baxuagoa, eta honek, gure langabezi tasa nazioarte mailakoa baino altuagoa dela erakusten du.