Lanik gabe daudenen erdiak ez du langabeziatik inolako dirurik jasotzen
Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaratu dituen datuen arabera Hego Euskal Herrian 228.818 pertsona izan dira langabezian apirilean, martxoan baino 1.754 gutxiago eta duela urte bete baino 4.215 gutxiago.
Langabezia tasa %17,1ekoa da, hau da, EB-28ko bataz bestekoa baino 6,6 puntu altuagoa (%10,5koa izan da martxoan), eta soilik Zipre, Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa.
Ezin da errekuperazioa aipatu lana dutenen egoera eta lanik gabe daudenena gero eta okerrago denean. Hau da murrizketa, erreforma eta doitzeekin bultzatzen dena, prekarietatea.
Hau honela, maiatzeraino sinaturiko kontratuen %92,6a behin behinekoa izan da, eta sinatu diren kontratu guztien %36,7a lanaldi murriztukoa izan da.
Langabezian daudenei Gobernuek uzten dieten babes sozial ezaren egoera oso larria da. Hego Euskal Herrian 118.360 pertsona daude lanik gabe eta inolako diru sarrerarik gabe, guztien %51,3a. Kotizaziopeko prestazioa jasotzen dutenak %28,3a dira, eta gainontzeko %20,4ak subsidioa edo gizarteratze errenta jasotzen du, kopuru txikiagokoa.
Tamalgarria da egoera honen aurrean errekuperazioaz hitz egiten duten politikariak izatea. Honek murrizketen eta doitzeen politikari hauek gizartearengandik duten urruntasuna erakusten du, eta hauen interesak eliteko ekonomien interes berberak direla.
Pobrezia eta prekarietatea handituz doaz Hego Euskal Herrian, eta bakarrik antolakuntzak eta borrokak lortuko dute egoera honetara eraman gaituzten politikak gainditzea.