Lantokietako sexu jazarpenari aurre egiteko protokolo eraginkorrak eskatu ditu ELAk

2022/11/23
Aurtengo Azaroaren 25 Nazioarteko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren egunean, ELAk arreta berezia jarriko dio lantokietako sexu jazarpenari. Sexu jazarpena lantokietan, sekretu kolektiboa lelopean egingo du sindikatuak ekitaldia Aguraingo Harresi aretoan, eta bertan sexu jazarpena lantokietan jasan duten hiru emakumeen testigantza jasoko da, besteak beste. ELAk prekarietate kanpainaren baitan egindako 402 lantokietako inkestek 183 sexu jazarpen kasu azaleratu ditu. Egoera are larriago baten isla besterik ez dira.

Era berean, ELAk azpimarratu du sexu jazarpenaren kontrako neurriak negoziazio kolektiboaren ezinbesteko aldarria izan behar dutela, eta horretarako eskatu du legezko protokolo eraginkorrak martxan jartzea, egun jazarpen horietako hamarren bat soilik azaleratzen baita.

Ikusezina den arazoa

Enpresetan sexu jazarpena hauteman eta aurre egiteko apenas dago neurririk. Hala ziurtatu du Jone Bengoetxeak, ELAko genero ataleko kideak: “Sexu jazarpenaren aurkako protokoloa legez izatera behartuak daude, baina askok ez dute hori betetzen”. Izan ere, gogoratu du enpresek ez dutela zertan ofizialki adierazi sexu jazarpenaren kontrako protokoloa duten edo ez, eta Ikuskaritzak ere ez du kontrol lan hori egiten. “Erakundeek beste aldera begiratzen dute. Ez dute inongo isunik jartzen protokolorik ez duten edo betetzen ez duten enpresei”.

Ondorioz, erasoetako asko ezkutuan geratzen dira. Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, lantokietako sexu jazarpenen %92 salatu gabe geratzen dira. “Kasu asko mediku bajen edo borondatezko bajen bidez islatzen dira. Eta ikusten dugu arrisku psikosozialengatik hartutako bajetan edo lan baimenen atzean maiz halako erasoak daudela”.

180 kasu, icebergaren tontorra

Egoera hori izanik, esanguratsua da ELAren prekaritate kanpainaren baitan azaleratutako datua. Oraingoz 402 enpresetan egin ditu inkestak ELAk, eta zentro horietan 183 kasu azaleratu dira, langileek eurek hala aitortuta. Orokortzeko baliagarria ez den datua izanagatik ere, arazoaren neurria ematen du.

Sexu jazarpen horiek askotarikoak direla ziurtatu du Leire Gallego Genero eta Gizarte Ekintzako arduradunak, ahozko erasoetatik fisikoetaraino, “ez horregatik larritasun txikiagokoak”. Eta adierazi du esparru soziosanitarioan (adinekoen erresidentzietan, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetan...) bereziki jaso direla salaketak, %93. Alde batetik, inkestetako asko esparru horretan egin direlako, eta bestetik, oso feminizatutako eta prekarizatutako esparruak direlako. “Ez da kasualitatea esparru horretan kasu gehien atera izana. Langile ratioak oso txikiak dira: langile gutxi izaten dira espazio itxietan, komunetan, logeletan... horrek dituen ondorioekin. Gainera, behin-behinekotasunak, pobreziak, langile askoren zaurgarritasunak salaketa jartzea zailtzen du”.

Protokoloak legez eta negoziazio kolektiboan

Egoera honen aurrean, enpresetan legalki betebeharreko sexu jazarpenaren aurkako protokolo eraginkorrak eskatu ditu ELAk. Horretarako, erakundeei eskatzen die protokolorik izango ez duten enpresak zigortzea. Horrek esan nahi du, alde batetik, erregistro ofizial bat sortu behar duela Jaurlaritzak, Berdintasun Planekin egiten den moduan, eta ikuskaritzaren kontrola areagotu egin behar dela (horretarako ikuskarien kopurua handitzea ezinbestekoa da, bikoizteraino). Bestetik, Emakundek laguntza integrala eskaini beharko du jazarpena jasan duten langileei, eta arrisku psikosozialei dagokionez, lanpostuen balorazio guztietan aintzat hartu behar da sexu jazarpenaren arriskua.
Era berean, ELAk borrokan jarraituko du lantokietako sexu jazarpena azalera dadin. “Negoziazio kolektiboaren bidez, ELAk lehen lerroan jarri nahi du protokoloaren gaia enpresa zein sektore hitzarmen negoziazioan”, ziurtatu du Nahia Fernandez, ELAko Genero ataleko kideak. “Horretarako, sexu jazarpen protokolo propioa landu du ELAk, eta lantokiz lantoki proposatzen ari gara”. Era berean, sindikatuko lan osasuna, generoa eta zerbitzu juridikoak koordinatzeko eta erantzun eraginkorragoa emateko neurriak hartu ditu ELAk, eta Bidelagun Fundazioaren bidez eramango dira.