Lanuzte berriak martxoaren 8tik aurrera Bizkaiko erresidentzietan

2017/02/24
Bizkaiko egoitzetako langileek martxoaren 8tik aurrera greban jarraitzea erabaki dute. 4 asteko grebaren deialdia egitea adostu dute gaur egindako batzarrean. Greba-deialdi berri honek bat egingo du Martxoaren 8arekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Izan ere, langileen ustez lan- eta gizarte-gatazka hau oraindik konpondu ez bada, emakumeak direlako da.

Emakumeek pairatzen duten diskriminazioa eguneroko lan-baldintzetan eta beste alderdi askotan ez ezik, gatazkaren iraupenean eta sufrimenduan ere islatzen da. Aste honetan, hain zuzen, 100 greba-egun bete dituzte.

Langileek argi utzi nahi izan dute oraingo deialdi hau, lehenengo aldiz, aurreko deialdia amaitu baino lehenago egin dutela. Zergatik? Bada aspertuta daudelako patronalaren jarrera inmobilista ikusteaz, haiek oso eroso sentitzen baitira. Bizkaiko Foru Aldundia, bere aldetik, sektoreko patronalen eskutik doa. Ulertezina bada ere, diru-kopuru berdina jarraitzen du ordaintzen enpresei, greba bitartean ematen ez duten zerbitzu batengatik. Kalkuluen arabera, ehun greba-egun bete diren honetan, enpresek eskaini gabeko zerbitzu batengatik lortu dituzten etekinak 4 milioi eurokoak dira.

Aldundiak ez du ikusi nahi gatazka honen oinarrian, lan-arazoak ez ezik, gizarte-arazoak ere badaudela, zehazki, egoitza-eredu hori zaharkitua eta prekarioa dela.

Bestalde, langileek bat egin dute Babestu senideen elkarteak eta Pentsionistak Martxan plataformak otsailaren 26arako (igandea) Bilbon deitutako manifestazioarekin.

Halaber, Emakundek, joan den astean bertan, EAEko emakumeen diskriminazioa salatu zuen; bada, orain, Emakunderi dei egiten diogu gatazkan zuzenean parte hartu dezan.

Langile grebalariek tinko jarraituko dute hurrengo eskakizun hauek lortu arte:

  • 1592 orduko lanaldia, lanaldi jasanezinak duintzeko, eta egoiliarrentzako arreta hobea izateko.

  • 1200 euroko gutxieneko soldata sektoreko langile guztientzat.

  • Arreta-ratioak hobetzea, Babestuk eta ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari 2016ko azaroaren 17an proposatu bezala. Orain arte ez dute erantzunik jaso.

  • Baja-estaldurak eta plusak hobetzea.