Lanuzte gehiago deitu ditu ELAk Bizkaiko zahar-etxeetan

2016/05/26
Lanuzte gehiago deitu ditu ELAk Bizkaiko zahar-etxeetan
ELAk astebeteko greba berri bat deitu du Bizkaiko zahar-etxeetan. Lanuzte berriak ekainaren 8, 9, 10, 11, 12, 13 eta 14an izango dira. ELAk oso ontzat jo ditu orain arteko greba-deialdietan lortu den erantzuna.

Sektoreko langileen gehiengoaren sostengua izan duen hamaika eguneko greba egin ostean, ELAk, sektoreko ordezkaritzaren ia %70 duen sindikatua izanik, beste pauso bat eman du, eta mobilizazioa areagotuko du, astebeteko grebarako deialdia eginez. Helburua sektoreko hiru patronalak (GESCA, LARES eta ELBE) eta Bizkaiko Foru Aldundia negoziatzera behartzea da, eta horrela lan-baldintzak hobetzea eta sinaturikoa benetan beteko den ziurtatzea.

ELAk oso ontzat jo ditu orain arteko greba-deialdietan lortu den erantzuna. Arian-arian egoitzak eta langileak batuz joan dira, eta azken deialdian Bizkaiko 30 egoitzarik handienetatik %75etan erantzuna oso-oso ugaria izan da, eta ELAk ordezkaritza duen gainerako egoitzetan, eguneko zentroetan eta komunitate-etxebizitzetan garrantzi handiko partehartzea sumatu da.

Astebeteko deialdi hau sektoreko hiru patronalen (GESCA, LARES eta ELBE) negoziazio-borondaterik ezagatik egin da. Langileen baldintzak gero eta prekarioak direnez, nekez eutsi ahal diote kalitatezko arreta bati; baina patronalek entzungor egiten diete langileen eskariei. Eta, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak babesa ematen die patronalei, eta grebaren sindikatu dei-egilearekin, ezta bilera bat ere ez du egiten.

ELAk greba-deialdi berri honekin lortu gura duena zera da: sektoreko langileen baldintzak behingoz duintzea, eta Bizkaiko zentro guztietan zerbitzu unibertsala eta kalitatezkoa ziurtatzea.

Bestalde, sektorean ordezkaturik dauden gainerako sindikatuak, sektorearen egoera larriaz, ELAk eman duen diagnostikoarekin ados daudenez, astebeteko greba-deialdiarekin bat egiteko eskatzen diegu, hori baita bide bakarra oraingo egoerari buelta emateko.