Bilboko Gran Casino Nervión

Lanuztea egingo dute hitzarmen berria eskatzeko

2023/03/24
Bihar, larunbatean, egingo dute ordubeteko lanuztea, 19:30etik 20:30era bitartean. Denbora luzea daramate KPIaren araberako soldata igoera eskatzen, baina ezetzean dago tematuta enpresa.

Kasinoko langileen diru sarreraren parte inportante bat propinak dira; oso diru sarrera ezegonkorra beraz. Eta KPIa hainbeste igo den garaiotan, langile askoren diru sarrerak nabari murriztu dira. Horrez gain, jasotzen zuten ordainsari oinarrizkoaren erosahalmenak behera egin du ere eta, beraz, bizitza mailaren parekoa izango den soldata igoera eskatu diote enpresari.

Gran Casino Nervión S.A.-k dio diru galera handiak izan dituela azken urteotan eta horrelako gasturik ezin duela bere gain hartu orain. Hala ere, enpresaren jabea den taldeak diru asko inbertitu du azken boladan azpiegituretan, berriztatze lanetan eta kasinoa lekuz aldatzen, eta ELAk uste du inbertsioaren parte bat langileen baldintzak hobetzera zuzendu beharko lituzketela.

Egoera horren aurrean eta zuzendaritzari hitzarmena berrizta dezan eskatzeko, lanuztea eta kontzentrazioa egingo dute bihar, larunbatean, 19:30etik 20:30era arte, kasinoaren sarreran.