Kirol kudeaketa

Lanuzteak Bilbon soldata osorik ordaintzen ez dietelako

2023/02/10
Lau hilabete daramatza emteSPORTek langileen nominak txarto ordaintzen. Plantilla kexu da enpresaren azalpen ezagatik eta arazoa konpontzeko ezintasunagatik.

Iazko azaroan hartu zuen emteSPORT enpresak Bilboko polikiroldegietako kudeaketaren ardura, Guedanek utzi ostean. Ordutik, lau nomina ordaindu dizkiete langileei eta hilabete guztietan izan dituzte arazoak: behar dutena baino 200 edo 300 euro gutxiago ordainduta, kasuaren arabera. Bilerak izan ditu ELAk arduradunekin eta, arazoa onartu eta konpontzeko asmoa agertu badute ere, bere horretan jarraitzen du. Langileek, baina, ez dute esperientzia berdina: komunikazio zuzena ezinezkoa dela kexu dira eta erantzun zuzenak inoiz ez dituztela jasotzen salatu dute.

Egoera honetan, kirol kudeaketako langileek (sorosleak, irakasleak...) eta langile laguntzaileek (harrerako plantillak...) lanuzte partzialak egingo dituztela esan dute. Hurrengoak dira datak eta orduak:

Otsailak 27, astelehena: 9:00etatik 12:00etara
Otsailak 28, asteartea: 16:00etatik 19:00etara
Martxoak 6, astelehena: 16:00etatik 19:00etara
Martxoak 7, asteartea: 9:00etatik 12:00etara