EUSKOTREN

Lanuzteak deitu dituzte uztailaren 20an langile falta salatzeko

2023/07/19
Batzorde Iraunkorraren gehiengoak ( ELA, Independenteak, ESK eta CGT sindikatuek) lanuzteak deitu ditu uztailaren 20an 7:00etatik 9:00etara eta 18:00etatik 20:00etara Euskotrenek hiru herrialdeetan ematen dituen zerbitzu guztietan (trenbidea, tranbia, autobusa eta funikularra). Zerbitzua eteteak 50.000 erabiltzaileri eragingo die hiru lurraldeetan.

Egungo zuzendaritzak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko behar diren langileak planifikatu eta kontratatu ez izana salatzeko greba deitu dute. Gaur egun, geltokietako eguneroko zerbitzuen % 25 baino gehiago bete gabe uzten da, ibilbideko merkataritza arretarik ez dago, aurreko urteetako aparteko orduak ez dira itzultzen, langileen atsedenaldiak murrizten dira... Deialdia egin duten sindikatuek jaietako gaueko zerbitzuetan eta zerbitzu berezietan segurtasun langilerik ez izatea ere salatzen dute.

Deitzaileek Euskotreneko zuzendaritzari eskatu diote behar diren langileak kontratatu ditzala, zerbitzuan kalitatea galtzen ez jarraitzeko eta dauden plantilletan tentsio, arrisku eta gehiegizko karga egoerak saiesteko.