Productos Kol (Zangoza)

Lanuzteak hasi dituzte hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

2024/05/21
Productos Kol enpresako langileek, enpresa batzordearen gehiengoak (ELA-LAB) deituta, lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde lanuzteak egiten hasi dira gaur. Datozen 4 asteetan zehar bi orduko lanuzteak egingo dituzte.

Productos Kol Zangozako Rocaforte industrialdean dagoen enpresa bat da. Edredoiak eta burkoak ehuntzen ditu, eta 150 pertsona aritzen dira bertan lanean. Batzordea CCOOko 4 ordezkarik, ELAko 3k eta LABeko 2k osatzen dute.

Langile gehienek egin dute bat lanuezteen deialdiarekin. Enpresaren azken hitzarmenean, plantillak erosahalmena galdu zuen, inguru horretan urtean egun gehien lan egiten den lantokia da, eta ordainsari txikiena duena.

Joan den urtarrilean, enpresa hitzarmenaren negoziazioak hasi ziren, batzordearen eta plantillaren helburu argi batekin: erosahalmena berreskuratzea eta lan baldintzak hobetzea. Bi aldeak hurbildu badira ere, batzordearentzat eta langileen gehiengoarentzat enpresaren azken proposamena ez da nahikoa.

Gogoratu behar da Productos Kol-ek 6 milioi euroko irabaziak izan zituela 2019 eta 2022 bitartean, eta 5 milioi euro banatu zituela akziodunei azken 5 urteetan dibidenduetan.