Araiako Froneri
Lanuzteak lankide baten kaleratzea salatzeko

Bi orduko aurreneko lanuztea egin dute gaur Froneri Iberia SL enpresan. 12:00etan hasi dute lanuztea, eta jarraipena ia erabatekoa izan da. Beste lanuzte bat egingo dute gaur 20:00etatik 22:00etara. Hala arituko dira hilabetez, azaroaren 12a arte, lankide baten kaleratzea salatzeko.
Araian (Asparrenan) dago enpresa, eta izozki garaian 500 langile ditu, finko zein aldizkako langile finkoak kontuan hartuta. Pasa den astean lankide bat bidegabe kaleratu zuen enpresak, enpresa batzordeak salatu duenez, ez baitira egia kaleratze gutunean agertzen diren arrazoiak.
Hori dela eta, langileek asanblean erabaki dute hilabetez egunero bi orduko bina lanuzte egitea: 12:00-14:00h eta 20:00-22:00h, lankidea berriro ere lanpostura itzul dadin eskatzeko. Lanuzteekin batera, kontzentrazioak egingo dituzte enpresaren atarian, 12:00tatik 12:30ak arte eta 20:00tatik 20:30etara, plantilla osoaren desadostasuna ikusarazteko.