Lanuzteak otsailean eta martxoan Bizkaiko adinekoen egoitzetan

2014/02/03
ELAk lanuzte gehiago deitu ditu otsailaren 6, 7, 27 eta 28an Bizkaiko hirugarren adineko egoitzetan, patronalak ez baitu jarrera aldatu negoziatzen ari diren puntu batzutan, esaterako derrigorrezko arbitrajea edota beharginen lan-baldintzak alde bakarretik aldatzeko aukera.

13 hilabetez negoziatu eta 6 egunetan lanuzteak izan ondoren, sektoreko enpresarioak hasierako puntuan kateatuta daude.

Blokeoaren ondorioz, hainbat egoitzetako langileek mobilizazioak areagotzea erabaki dute, zehazki Marcelo Gangoiti, Sanitas Barakaldo, San Jose Etxe Alai egoitzetan eta Igurko eta Trapagako eguneko zentroetan; deialdia martxoan bi asteko greba egiteko da; akordiorik ezean, apirilera ere luzatuko lirateke. Litekeena da datozen egunetan egoitza gehiagok martxoko lanuzteekin bat egitea, zentro gehiagotan izango baitira batzarrak.

ELAren ustez ezin da onartu sektoreko patronalaren jarrera. Egoitza hauetan 4.000 langilek dihardu, %98 emakumeak, kasu gehientan 1.000 eurora iristen ez diren soldaten truke.