TRANTSIZIO EKOSOZIALA

Larrialdi ekologikoari aurre egitea, enplegua defendatzeko modurik onena

2024/07/02
ELAk negoziazio kolektiborako trantsizio ekosoziala egingo du datozen hilabeteetan; sindikatuak barne prozesu parte hartzaile bat egin du, eta sindikatuko hainbat alorretako 150 arduradunek baino gehiagok hartu dute parte.

Ez da erraza ingurumenari loturiko gaiak sindikatuaren egunerokoan txertatzea. Baina uste osoa dugu enplegua defendatzeko modurik onena arazoei aurrea hartzea dela, eta larrialdi ekologikoaren erronkari aurre egiteko, dugun eredu ekonomikoa aldatu behar dela.

Erronkari aurre egiteko, 2023ko ekainean, dokumentu bat argitaratu genuen, ELAk trantsizio ekosozialerako egiten zuen proposamenaren berri emateko. Une horretan, trantsizio energetikorako gure proposamena ere argitaratu genuen.

Trantsizio ekosozialaren proposamena Hego Euskal Herriko ekonomiaren diagnostiko batetik abiatu zen, non ondorioztatu zen gure ekonomia kanpotik ekarritako energiaren menpeko dela, batez ere energia fosilaren menpeko, eta baita kanpotik ekartzen diren material kantitate izugarrien menpeko ere. Jarduera nagusiak industria eta garraioa dira, horiek dira gainera, energia fosilarekiko eta inportatutako materialekiko menpekotasun handiena dutenak.

Ekonomia globalarekiko menpekotasun horri ekonomia zirkularra ez dela gehitu behar zaio: material birziklatuen eta berrerabilien erabilera oso baxua da, eta hondakinen sorrera, berriz, oso altua. Ahaztu gabe gure ekonomiak ingurumenean duen eragina handia dela eta sortzen den berotegi efektuko gasen kantitatea ere izugarria dela. Erronka horren aurrean, ELAk politika publikoak aldatzea zekarren neurriak proposatzen zituen.

Trantsizio ekosozialaren ondorioak enpleguan

ELA bidezko trantsizio ekosozialarekin konprometituta dago. Gure ekarpen nagusietako bat da enpleguari zentralitatea ematea: enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa.

Krisi ekologikoak ekoizpen, mugikortasun eta kontsumo eredua aldatzea ekarriko du, eta horrek enpleguari ere zuzenean eragingo dio. ELAk, eredu berri hori langile klasearen eta gehiengo sozialen interesak lehenetsiz eraiki dadila eskatzen du, eta beharrezkotzat jotzen du sindikatuak horretarako borroka egitea.

Enpleguan gertatzen diren aldaketek eragin desberdina izango dute sektoreka: jarduera batzuk ez dira onargarriak (armagintza edo espekulazioa, adibidez), eta desagertu egin behar dira; beste jarduera batzuk egiteari utzi behar zaio (adibidez, energia fosilen ekoizpena); jarduera batzuk erabat murriztu edo eraldatu beharko dira (automobilgintza, siderurgia…). Bidezko trantsizio ekosozial bat ezin da egin sektore horietako langileak alde batera utzita. Bidezko irteera eman behar da: enpresaren jarduera eraldatu, beste jarduera batzuetan birkokatu, diru-sarrera duinak bermatu….

Sektore batzuek enplegua sortzeko duten ahalmena zalantzatik kanpo dago: energia berriztagarriak, eraikinen birgaitzea, agroekologia, arrantza eta baso-kudeaketa jasangarriak, garraio publikoaren garapena, materialen kontsumoa eta hondakinak murriztea, ondasunak berrerabiltzea, hondakinen kudeaketa egokia…

Barne prozesua

Gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriago baterantz egin behar dugu aurrera, eta ELAk eraldaketa horren parte izan behar du. Horregatik, joan den udatik, ELAk barne prozesu bat garatu du, ekintza sindikala Trantsizio Ekosozial Justurantz bideratzea helburu izan duena.

Beharrezkoa iruditzen zitzaigun, politika publikoak aldatzea eskatzeaz gain (funtsezkoa da hori, eta planteatzen jarraituko dugu), urrats eraginkorrak egitea negoziazio kolektiboan zenbait aldarrikapen sartzeko, trantsizio horretan aurrera egiteko. Gainera, sindikatu barruan neurri batzuk hartzeko beharra ikusi genuen, horretarako tresna batzuk martxan jarriz.

Orain arte, lan bat egin dugu Nazio Batzordean eta hiru federazioetako idazkaritzetan: Gizalan, Zerbitzuak eta Industria eta Eraikuntza. Prozesu parte hartzailea izan da, eta formazioa eman da trantsizio ekosozial justuari buruz, eta gai hori sindikatuan nola landu behar dugun ere eztabaidatu da. Gainera, aldarrikapen taula bat adostu da, negoziazio kolektibora eramango dena. Ekainean zehar prozesu hori eta bertatik ateratako ondorioak aurkeztu zaizkie 750 militanteri.