Osakidetza

Larrialdietako egoera gero eta okerragoa da langile faltagatik

2023/07/19
Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroetan mediku falta dago, eta Bizkaiko Koordinazio Zentroan kategoria guztietan falta dira langileak.

Zentro koordinatzaileetako falta ez da noizbehin gertatzen den arazo bat, jada egiturazko arazoa bihurtu da. Hori dela eta, arriskuan jartzen ari da pazienteen eta langileen osasuna.

Bai erizainen, bai operadoreen kasuan eurenak ez diren funtzioak betetzen ari dira. Horrela, egin beharreko lana bikoiztu egiten zaielarik; kategoriari ez dagozkion funtzioak egiten dituzte, askotan prestakuntzarik gabe, eta baliabide egokiena emateko ahal izateko artatu beharrekoen klasifikazioa eta balorazioak egin behar izaten dituzte. Erizainek medikuei dagozkien funtzioak ere betetzen dituzte, eta operadoreek artatu beharrekoen balorazio eta klasifikazioak egin behar izaten dituzte. Egoera hori egiturazko arazo bihurtu da Larrialdietan, eta legez babesik gabe uzten ditu langile guztiak.

Uztailaren 15-16ko asteburua horren erakusgarri izan da Bizkaiko Koordinazio Zentroan. Hiru operadore baino ez dira izan zerbitzuan. Horri gehitu zaio hainbat herrietan jaiak direla (Markina, Larrabasterra, Zornotza, Armintza, Santurtzi…), Barakaldoko etxebizitza bateko sutearen ondorioz gertatutako egoera larriaz gain. Hori guztia dela eta, 6 anbulantzia gehiago kudeatu behar izan dituzte, asteburuetako ohiko lan kargaz gain. Bizkaiko Koordinazio Zentroan egon diren 3 langileek lan hori guztia aurrera atera behar izan dute.

Larrialdietako koordinazio zentroetan langile falta dago kategoria guztiaetan (erizaintza, medikuntza eta operadoreak), eta langilerik ez izateak arriskuan jartzen ditu pazienteen eta langileen osasuna.

ELA sindikatuak eta Langileen Batzordeak behin baino gehiagotan eskatu die Larrialdietako Zuzendaritzari arazo hori eta zerbitzuan gertatzen ari diren beste arazo asko konpontzeko, baina ez dituzte langileen aldarrikapenei erantzunik eman, eta etengabe gutxietsi dira Larrialdietako langileak.

Emergentzietako egoera larria salatzeko, ELA sindikatuak mobilizazioaren alde egingo du.