Gizarte larrialdietarako laguntzak murriztuko dira

2011/03/21
ELAk salatu duenez, murrizketa horiek kolektibo guztietan du eragina, baina neurri handiagoan adineko pertsonenean, kasu horretan handiagoa delako, urteen poderioz, 8.000 eurotik gorako ondareren bat metatua izateko aukera.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko 4/2011 Dekretua, urtarrilaren 18koa (aurrerantzean, Dekretua), aztertuko du ELAk, bai eta, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako gastu es­pezifiko bakoitzeko 2011. urtean gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak eta laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak finkatzeaz gain, Euskal Autonomia Erkide­goko Lurralde Historiko eta Udal bakoitzarentzat 2011rako aurrekontu-mugak ezartzen dituen Agindua, 2011ko urtarrilaren 19koa (aurrerantzean, Agindua) ere.   

Dekretuak eta Aginduak planteatzen dituzten murrizketa zehatzei begiratu baino lehen, hainbat iruzkin egin daitezke testuon inguruan.  

Hasteko, esan behar da Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLLen) zenbatekoak urriegiak zirela bistakoa zen arren, laguntza horiek aurrerantzean ere diru-laguntzen jitea izaten jarraituko dutela, hau da, kreditua dagoen heinean emango direla. Modu horretan, berriro galtzen da GLLak eskubide subjektibo bihurtzeko aukera.   

Bigarrenik, nabarmengarria da Eusko Jaurlaritzak, murrizketak justifikatzekotan, gizarte-prestazioak kobratzen dituzten pertsonak lan-merkatuan sartzeko asmotan dabilela sinestarazteko duen obsesioa. Ildo horretan, “...lan-merkatuan sartzea –nahiz eta sol­data apaleko lanpostua izan– erakargarri bihurtuko duen ... eredu bat ezarri...”  behar dela aipatzen da dekretuan.

Amaitzeko, bi testuetan, oraingo egoera ekonomikoa eta Eusko Jaurlaritza egiten ari den aurrekontu-murrizketak direla eta, GLLen zenbatekoak gutxitu beharrari buruz ageri diren aipamenak azpimarratu behar dira.. Izan ere, orain arteko aurrekontu-zuzkidura bera erabiliz hartzaile gehiagorengana iristea da helburua, eta, beraz, GLLen zioz jasoko diren zenbatekoak gutxitu egingo dira.    

GLLen MURRIZKETA ZEHATZAK

GLLen zenbatekoaren murrizketa orokorraz gain, beste gutxipen zehatzago batzuk ekarriko dituzten hainbat lege-aldaketa ere egin dira. Onartutako aldaketen ondorioz, aurrerantzean:  

1.- 8.000 euroko ondarea dutenek ez dute gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskubiderik izango (orain arte, gehienezko ondare hori 40.000 eurokoa zen).  

2.- Ezin izango da gizarte-larrialdietarako laguntzarik eskatu, aurretiazko zorpetze-gastuak estaltzeko..

3.- Ohiko etxebizitza erosteko kredituen interesen eta amortizazioaren ordainketarako GLLak gehienez 12 hilabetean zehar jasoko dira, nahiz eta orain arte ez zegoen horretarako gehienezko eperik.    

ONDORIOZTAPENAK

Hemen aipatu ditugun aldaketek bai GLLen bidez jasotzen diren zenbatekoak, bai era horretako laguntzak kobratzen dituzten pertsonen kopurua murritzaraziko dituzte. Euskal Udalen Elkarteak, Eudelek, egindako zenbatespenen arabera, ondarearekin loturiko aldaketa horrek, berak bakarrik, laguntzak hartzen dituzten pertsonen heren bat baino gehiagoko gutxipena eragingo du. Bestalde, Bilboko Udalak adierazi duenez, aurtengoan iazko eskari-kopuru bera egonez gero, eskatzaileen heren batek baino ez ditu GLLak kobratuko, aurreko urtealdiko fondoekin eskarien %38,3ri baino ez baitzitzaien baiezko erantzuna eman.    

Murrizketa horiek kolektibo guztietan du eragina, baina neurri handiagoan adineko pertsonenean, kasu horretan handiagoa delako, urteen poderioz, 8.000 eurotik gorako ondareren bat metatua izateko aukera.  

Argi dago Eusko Jaurlaritzaren helburua gizarte-prestazioak murrizteko bidetik jarraitzea dela. Oraingoan, GLLak jasotzeko eskubidea murriztea hautatu du, gizarte-gastuaren euspena lortzeko, oraingo egoera ekonomikoan bai GLLak, bai gizarte-gastua, oro har, inoiz baino premiazkoagoak diren arren. Horrela, biztanle behartsuenei egiten die eraso berriro, gastu publikoa handitzea ahalbidetuko luketen diru-sarrerak handitu beharrean, berriz ere gastua murriztea aukeratu baitu, abaguneko larritasunari jaramon egin barik.