Osasunbidea
Osasun Departamentuak itxaron-zerrenden kudeaketan hartutako erabakiek Osasunbideak dituen egiturazko arazoak larriagotuko dituzte

ELAk eta Osasun Kontseilariak izandako bileran, sindikatuak hurrengo legegintzaldian defendatuko dituen aldarrikapen nagusiak helarazi nahi izan ditu.
ELAk osasun zerbitzu publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren aldeko apostua berretsi du. Sindikatuaren ustez, halako zerbitzu bat lortu ahal izateko, ezinbestekoa da Nafarroako Osasunera bideratutako BPGaren ehunekoa handitzea, gutxienez Europako batez bestekora iritsi arte, hau da, % 8ra. Hala ere, gaur egun portzentajea % 5,6ra baino ez da iristen, 2010ean UPNk gobernatzen zuen ehuneko bera.
Inbertsio falta horrek, besteak beste, itxaron-zerrendak neurriz kanpo handitzea ekarri du. Kontuen Ganberak itxaron-zerrenden kudeaketari buruz argitaratutako azken txostena dela eta, ELAk azpimarratu du Osasunbideak zerrendak arintzeko hartutako neurriek egiturazko arazoak larriagotu baino ez dituztela egiten. Aldi baterako kontratazioek, peonadek eta pazienteak zentro itunduetara bideratzeak "errebote-efektua" eragingo dute, txostenak berak dioen bezala.
Era berean, sindikatuak adierazi du sare publikoa indartu behar dela, hau da, politika pribatizatzailea eta ituntzailea irauli behar dela eta osasun publikoaren estaldurak handitu behar direla. Bultzada hori gauzatzeko, langile gehiago egon behar dira, ezinbestean.
Langileei dagokienez, ELAk LEP prozesu masiboak egiteko eskatu dio Departamentuari, behin-behinekotasuna nabarmen murrizteko. Gaur egun % 64an dago behin-behinekotasun tasa, EBk ezartzen duen % 8tik oso urrun.
Azkenik, sindikatuak Kontseilariari eskatu dio osagarria administrari guztiei hedatzeko, osasun-zentro guztiek lanaldi osoko TCAE bat izateko eta karrera profesionala Osasunbideko langileria guztiari aitortzeko.