ENPLEGU DATUAK (EPA)

Lau emakumetik batek kontratu partzialetan eta aldi baterakoetan harrapatuta jarraitzen du

2025/04/28
Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaratutako datuek erakusten dutenez, enplegua sortu arren, lan merkatuak prekaritate maila altuak ditu. Aurreko hiruhilekoan baino 3.600 pertsona gehiago daude lanean. Emakumeek bilakaera positiboa izan dute, 5.700 sartu baitira lan merkatuan. Lurraldeka, EAEn 11.200 pertsona gehiago daude lanean; Nafarroan, aldiz, 7.600 gutxiago. Sektoreei dagokienez, okupazioak gora egin du eraikuntzaren sektorean (7.600), eta, ondoren, zerbitzuen sektorean (2.500). Hala ere, industriak 5.200 lanpostu galdu ditu eta nekazaritzak 1.100.

Enpleguaren kalitateak prekaritate maila altuen eraginpean jarraitzen du. Kontratuen behin-behinekotasun tasari erreparatzen badiogu, ikusten da tasa hori ez dela %19,4tik mugitu azken hiruhilekoan. Dagoeneko hamar hiruhileko dira, 2022ko laugarren hiruhilekotik, tasa horrek ez duela beherakadarik izan. Alde horretatik, emakumeek prekaritate handiagoa pairatzen dute; izan ere, tasa %23,6ra igo da, eta gizonen artean, berriz, %15,2koa da. Adierazi behar da behin-behinekotasuna gero eta handiagoa dela sektore publikoan, batez ere EAEn, bi pertsonatik ia bat ( %46,3) prekaritate egoera horretan baitago.

Nahi gabeko lanaldi partzialak ere eragin handiagoa du emakumeengan. Lau emakumetik batek baino gehiagok ( %26,3) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, tasa % 9,5ekoa da. Hori emakumeek lan eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste adibide bat da.

Langabeziari dagokionez, 108.100 langabe egon dira Hego Euskal Herrian, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1.600 gutxiago. Ondorioz, langabezia-tasa %7,7koa izan da ( %7,3 emakumeen artean eta %8 gizonen artean).

Enpleguan hobekuntza txiki batzuk izan diren arren, enpleguaren kalitate baldintzek okerrera egin dutela ikusten da. Beraz, datu horiek ez dute errealitate kezkagarri bat ezkutatu behar: lan merkatuak prekaritate maila handiak, genero-desberdintasuna eta behin-behinekotasun handia ditu oraindik ere, batez ere sektore publikoan.