Laudioko Autoglass-Glavista enpresaren egoera iluna eta Zuzendaritzaren isiltasuna salatzeko manifestazioa deitu du ELAk gaur arratsalderako

Arabako Autoglas-Glavista enpresan aurre-konkurtsoa iragarri zenean, Enpresa Batzordeak informazioa eta dokumentazioa eskatu zizkion Zuzendaritzari, baina Parter Capital akziodun nagusiak ez zuen erantzun ere egin.
Bere aldetik, Guardianek bere esku dauka plantaren bideragarritasuna eta zuzeneko 240 lanpostuak bermatuko dituen irtenbidea bilatzea. Hori egitetik urrun, baina, Europako zenbait herrialdetako Auzitegietan salatua izan den inbertsio funts bati saldu nahi dio kotxeen haizetakoak egiten dituen enpresa laudiotarra.
ELAk argi dauka Parter Capitalek eta Guardianek enpresa hiltzen utzi nahi dutela, horregatik, instituzioei egin die dei, Guardianekin batera 240 lanpostuak bermatuko dituen irtenbide bat lortzeko.
Egoera salatzeko, Enpresa Batzordearen babesa duten mobilizazioekin jarraitzen dute langileek. Gaur, 17:30ean, Laudion (Araba) egingo dute manifestazioa, Herriko Plazatik abiatuta. ELAk 8 ordezkari ditu eta LABek 1.