Laura Gonzalez de Txabarri, “Europa soziala eta herrietakoa, nazioarteko itunen mehatxupean” mahai-inguruan

2015/10/24
Esperientzia Geletan, 17:00etan, Laura Gonzalez de Txabarri, ELAko Nazioarteko Arloko arduraduna, dinamizatzaile aritu da mahai-inguru batean. Gaia hauxe izan da: “Europa soziala eta herrietakoa, nazioarteko itunen mehatxupean”. Mahai-inguruan, ELAko eta LABeko sindikalistekin batera, Frantziako ATTACeko kideek eta Latinamerikako Multinazionalen Behatokikoek hartu dute parte

Aitzinsolasean Gonzalez de Txabarrik bi nazioarteko itunen arriskuak aletu zituen labur-labur, azkenaldian bi itun horiek isil-gordean negoziatzen ari baitira: TTIP –Merkataritza Askeko Atlantikoan Zeharko Ituna–, Estatu Batuen eta Europaren artekoa; eta TISA –zerbitzuen merkataritzaren itun bat–, aurrekoa baino antidemokratikoagoa eta neoliberalagoa, mundu osoko 50 herrialdek negoziatzen dutena.

Itun biak enpresa multinazional eta transnazionalen mesedetan doa, baina eraso anizkuna da herritarren funtsezko eskubideen aurka, estatuen subiranotasunaren aurka, eta demokraziaren aurka. Neoliberalismoaren estrategia global baten barruan daude, enpresa transnazionalei abantailak emateko, eta estatuetako gobernu eta parlamentuei herri-onuraren aldeko legeak emateko ahalmena mugatzeko.

Halaber, Gonzalez de Txabarrik zerbitzu publikoak arriskuan egongo direla nabarmendu zuen; itun horietarako, zerbitzu publikoak negozio-gaia besterik ez baitira.

Dena dela, Laura Gonzalez de Txabarrik azpimarratu zuen itun horiek baztertzerik badugula; baina, horretarako, herritarrak jakinaren gainean egon behar direla “hori baita bide bakarra gizartea horrelako itunen aurka oldartzeko, jendearen erabat ezkutuan negoziatzen dira-eta”.

ELAko Nazioarteko Arloko arduradunak amaitu zuen bere hitzaldia esanez behar-beharrezkoa dela politiken erdigunean pertsonak eta planeta jartzea, eta ez bakan batzuen interesak eta diru-gosea.