Legebiltzarreko gehiengoak eskatu du arlo publikoko lanaldia luzatzen duen dekretua indargabetzea

2013/04/25
Euskal Herriko alde sozialak dagoeneko lanaldi luzapen hau arbuiatu zuen, eta orain Legebiltzarreko indar politikoen gehiengoak ere aurka egin du.

Eusko Legebiltzarrak, PSE-EEren, EH Bilduren eta UpyDren aldeko eta EAJ zein PPren aurkako botoekin, zuzenketa bat onartu du Eusko Jaurlaritzari galdegiteko indargabe dezala enplegatu publikoen lanaldia luzatzen zuen dekretua; honen ondorioz, urteko orduak 1.592tik 1.614,5ra gehitzen ziren eta, horrenbestez, 35 orduko lan-astearen lorpen historikoa zapuzten zuen.

Euskal Herriko alde sozialak dagoeneko lanaldi luzapen hau arbuiatu zuen, eta orain Legebiltzarreko indar politikoen gehiengoak ere aurka egin du.

Beraz, Jaurlaritzak ez dauka bat ere zilegitasunik lanaldi luzatu hori mantentzeko; batzurentzat ordu gehiago behar egiteak lan-karga astuna dakar, eta besteentzat, berriz, enplegua galtzea.

ELAk Jaurlaritzari exijitu dio aipatutako dekretu hura indargabe dezala, horrela 35 orduko astera itzultzen delarik; horrela aintzat hartuko lituzke alde sozialarekin sinatutako akordioak eta Legebiltzar berak 2000. urtean erabakitako legea. Halaber, indar politiko guztiei eskatzen diegu dagokien ardura esparruetan aurre egin diezaietela murrizketa laboral eta sozialei, haiek bertan behera utziaz.

ELAk zerbitzu publikoetako langileen mobilizazioa bultzatuko du ebatsi zaizkien eskubideak berreskuratzen ez diren artean.