Bilboko argiteria
Lehen greba eguna Emartin Facilities enpresan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

Gaur hasi da Bilboko argiteria publikoaren mantentze lanez arduratzen diren langileen lehen greba eguna. Uztailaren 14an, 18an, 21ean, 24an eta 28an eta abuztuaren 1ean greba egun gehiago aurreikusi dira.
Aurten, 95 egunez luzatu zen grebari amaiera eman zion 2021ean sinatutako Greba Amaierako Akordioa berritu behar da. Gaur egun, 40 bat pertsonak egiten dute lan zerbitzu horretan, Emartin Facilities enpresak azpikontratatuta (lehen Bilboko Argiak ABEE). Enpresak erabateko blokeoa du hitzarmenaren negoziazioan.
Plantillak negoziazio erreal eta eraginkorra eskatzen dio enpresari, eta Bilboko Udalaren erantzukizuna ere aipatzen du, beste behin ere hiriko argiak kudeatzen dituzten langileen lan baldintza prekarioak alde batera uzten baititu.
Akordiorik lortu ezean, gatazka areagotu egingo da, eta Aste Nagusia prestatzeko lanetan eragin zuzena izan dezake. Uztailaren 18an, bigarren greba egunarekin batera, elkarretaratzea deitu da Bilboko udaletxearen aurrean, 12:00etan.