Galdakaoko Forbrass S.L (Mek Group)

Lehen greba egunak jarraipen zabala izan du

2023/06/15
Hurrengo greba jardunak ekainaren 21ean eta 22an izango dira.

Gaur, ekainaren 15ean, MEK taldeko Forbrass S.L. enpresan deitutako 3 greba egunen lehen jardunaldia egin da. 40 bat langile ditu, eta ordezkaritza osoa du ELAk, 3 ordezkarirekin. Bada, grebaren jarraipena oso zabala izan da, eta ekoizpenean ia %100ekoa.

Forbrass S.L. enpresako lehen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako hasi dira mobilizazioak. Martxoan hasi ziren negoziazioak, eta enpresarekin hainbat bilera egin ostean, jarrerak oso urrun daude oraindik. Enpresak ez du KPIaren igoerarik onartzen, txandakatzeagatik plus proposamenei uko egin dio, eta ez da Hitzarmena ez aplikatzea eragozten duen klausularik nahi.

ELAk nabarmendu nahi du borrokak eta grebak jarraituko dutela eta horretarako beste bi greba egun deitu dituztela ekainaren 21erako eta 22rako. Grebaren helburuak enpresa hitzarmen bat lortzea dira, honako eduki hauekin:

  • Soldata igoerak, KPIren bermeekin.
  • Lortutako eskubideak blindatzea, eta hitzarmena ez aplikatzearen aurkako klausulak.
  • Aldi baterako ezintasuneko osagarriak.
  • Gizarte onurak errelebo kontratuan, lizentzietan hobekuntzak, eszedentziak eta zaintza eskubideak, besteak beste.

Azkenik, esan behar da Forbrass MEK taldekoa dela. Automozioaren sektoreko mekanizazioan diharduten hamaika enpresak osatzen dute MEK taldea, Euskal Herriko enpresa indartsuenetako bat, eta milioi askoko mozkinak ditu.