LEHENDAKARIAK CEBEK-EN, BIZKAIKO PATRONALAREN, ASANBLADAN ESANDAKOAREN INGURUAN ELA eta LABen KOMUNIKATUA

2004/05/05

Ez da lehen aldia Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, patronalaren egoitzan egoteaz baliatuz sindikatu abertzaleak erasotzen dituena, negoziazio kolektiboan daramaten estrategiagatik batez ere, patronalari eta haren lan politikari erabateko laguntza eta babesa eskainiz. Bere deklarazioetan, lehendakariak enpresetako egoera idilikoa erakusten du ("enpresak, guztioi, enpresarioi eta langileoi, amets egiten lagunduko digun proiektu komuna izan behar du") eta egoera hori zikintzen duen bakarra sindikatu jakin batzuen elkarrizketarako gogo falta omen da. Hala ere, lehendakariak begiak ixten ditu ezegonkortasun, diskriminazio eta esplotazio egoeran dauden milaka eta milaka hiritarren errealitatearen aurrean; ez du ezer jakin nahi enpresariek esplotazio egoera horietan duten erantzukizunari buruz, beraiekin mahaia eta mantela konpartitzen ditu, haiek laudatu eta txalotu egiten ditu. Lehendakariak kasu egingo balie EUSTAT-ek berak ematen dituen datuei lanaren onurei eta kostuei buruz, denboraltasunari buruz, kontraturik gabe lanean ari diren hogeita hamar mila pertsona baino gehiagori buruz, gazteek lan egonkorra eta bizitza autonomoa aurrera eramateko aukera emango dien etxebizitza izateko dituzten zailtasunei buruz, ikusiko luke zein den euskal gizartearen zati handi batek bizi duen benetako egoera.

Lehendakariak elkarrizketa planteatzen du, baina ez da ausartzen kritikarik txikiena ere egiten enpresariek elkarrizketari uko egiten diotenean, ezegonkortasunarekin eta enpleguaren kalitatearekin, eskala bikoitzekin, erosteko ahalmenarekin& erlazionatutako gaietan nolabaiteko aldaketak, txikiak badira ere, ekar ditzaketen edukiak planteatzen zaizkienean. Eta ez ditu kritikatzen, ezta ere, patronalak, hitzarmenen negoziazioak leherrarazteko erabiltzen dituen trikimailuak, gehiengo sindikalaren aurkako sinadurak, besteak beste. Baina, jakina, ongi begiratuz gero, lehendakariak gauza bera egiten du (inposatu, diskriminatu, gutxiengo sindikalarekin sinatu&) patroia bera denean.

Atzo CEBEK-en asanbladan burututako ekitaldiak baieztatu egin du jadanik bagenekiena: Eusko Jaurlaritza, lehendakaria buru dela, enpresarien alde dagoela erabat; enpresariek gauza bat edo beste egiten badute ere (ezegonkortasuna sustatu, lan edo osasun eta segurtasun arauak ez bete, kanporatzeekin edo leku aldaketekin xantaia egin), beti ere Eusko Jaurlaritzaren ulermena "eta diru laguntza" izango dute.

Ez dugu inoiz entzun "euskaldun guztien lehendakari" denaren ahotik, lan egoera kaskarrak, soldata baxuak, langabezia eta ezegonkortasuna bizi duten hainbeste pertsonei buruzko aipamenik; ez diogu inoiz elkartasun edo ulermen keinurik ikusi greban dagoen jendearekiko, sarritan oso gatazka luzeetan, oso egoera gogorretan, soldata duinen alde, diskriminazioaren edo enpresak langileak kanporatzeko duen helburuaren aurka borrokan ari direnen aldeko keinurik, alegia. Beraien lan eskubideen alde borrokan ari diren euskaldunei hau eskaintzen zaie: neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak, poliziaren jazarpena, enpresei babesa greban dauden langileak ordezkatuz beste langile batzuk ekar ditzaten, hori legez kanpokoa bada ere.

Atzo esandakoetan, beste askotan gertatu den bezala, lehendakariak lan munduaren egoera klase parametroetan oinarrituz aztertu du, enpresarien klasetik ikusita, haien interesekin eta irizpideekin bat datorrelako eta haien interesak kudeatzen dituelako. Ez gara harritu behar, beraz, bere iritzia gurearekin bat ez badator.

Azkenik, ELAk eta LABek, berriro ere, lan baldintzei buruzko elkarrizketa eta negoziaziorako nahia eta konpromisoa adierazten dute, baldin eta elkarrizketa hori benetakoa baldin bada, edukiak izango dituena eta lan baldintzen benetako arazoei aurre egiteko asmoz. Ez dituzte arazo horiek landuko ez dituzten hitzarmenak sinatuko. Negoziatzea besterik gabe sinatzea baino zerbait gehiago da.