EUSKO JAURLARITZAKO EKINTZARAKO PROPOSAMENA

Lehendakariari aurkeztutako ELAren dokumentuak politiketan aldaketak egiteko 80 neurri baino gehiago jasotzen ditu

2024/07/24
ELAk eskatu du beste zerga politika bat, inbertsio publiko gehiago (osasuna, zaintza, hezkuntza) eta euskararen eta sindikatuen parte-hartze demokratikoaren aldeko apustua. Jaurlaritzak Madrileko sukurtsal gisa jardun eta langile publikoen soldata KPIaren arabera ez handitzeko erabakiak erakusten du Urkulluren politiken jarraipena.

DOKUMENTUA OSORIK HEMEN

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak prentsaurrekoan aurkeztu dute ostiralean Ajuria Enean lehendakariari emandako dokumentoa. Testu horrek 80 neurri zehatz baino gehiago jasotzen ditu hamabost gobernu jarduera eremuetan: zerga politikan eta inbertsio publikoetan, Osakidetzan, zaintzan, hezkuntzan, euskaran, lan osasunean, edota euskal lan harremanen esparruan, besteak beste. Dokumentu horren bidez, ELAk borondatea agertu dio lehendakariari akordioak lortzeko, eta gobernuarekin aldebiko harremana izateko. Horretarako, irizpidea edukietan oinarritzen dela errepikatu du sindikatuak.

Sozietateen gaineko zerga, % 25ean

Beste politika fiskal bat funtsezkoa dela gogorarazi du Lakuntzak. "Gobernuak ezin dio muzin egin aberastasunaren banaketa bidezkoagoari buruzko eztabaidari". Horretarako, ELAk proposatu du erreforma fiskala egitea sozietateen gaineko zerga %25eko gutxienekoan kokatuta, errenta guztietarako PFEZ tarifa bakar bat, ondarearen tarifa bikoiztea eta soldatakoak ez diren errenten % 25 ikuskatzea urtero, gutxienez.

ELAk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak zerga arloan duten erantzukizuna, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren arduradun nagusiak izanik. Horregatik, Lakuntzak lehendakariari eskatu dio ez dezala kontuan hartu Confebasken proposamena, irabaziak dituzten enpresei zergak jaisten jarraitzeko. Izan ere, praktikan ez dago sozietateen gaineko zergaren gutxieneko tasarik, hainbat kenkariren ondorioz. "Iaz, 2007an baino 400 milioi gutxiago ordaindu zituzten enpresek", ziurtatu du idazkari nagusiak. Horrek esan nahi du zerbitzu publikoetarako baliabide gutxiago daudela eta zergak gero eta gehiago langile klasearen gain daudela.

Osakidetza eta inbertsio publikoa

Jaurlaritzaren arrekontua urtean Europako inbertsio publikoarekin konparatuz, defizit handia dago EAEn, osasungintzan, hezkuntzan edota zerbitzu sozialetan, besteak beste.Europako inbertsio mailara iristeko, 4 urtez Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak BPGarekiko %1 handitzea proposatzen du ELAk, 2025etik hasita. Beraz, 900 milloi gehiago izango litzateke.

Osakidetzaren kasu zehatzean, aurrekontuaren handitzeaz gain, ELAk zehaztu du Osakidetzaren aurrekontuaren % 25 Lehen Mailako Arretara bideratu beharko litzatekeela, eta plantilla finkatzeko prozesua bizkortu egin beharko litzatekeela, lanean hiru urte baino gehiago daramaten pertsonak finkoak izan daitezen, besteak beste.

Hezkuntzan, batez besteko inbertsioa EBrekin parekatzeak Eusko Jaurlaritza sail horren aurrekontua 600 milioi handitzera behartuko luke. Puntu horretan, ELAk ezinbestekotzat jo du Hezkuntza Lege berri bat, duela gutxi onartu denak ez baitu inola ere bermatzen sistema publiko eta euskalduna, ezta gizarte kohesioa eta lan baldintza duinak ere.

Zaintzari dagokienez, ELAk Gizarte Zerbitzuen Legea eskatu du, sistema publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea bermatzeko. Neurrien artean, nabarmentzekoa da, halaber, etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea EAE osoa tentsionatutako eremutzat joz.

Era berean, dokumentuak euskararen ezagutza benetan unibertsalizatzeko neurriak jasotzen ditu, funts publikoekin murgiltze linguistikoa ezarriz, euskararen legea aldatuz gaztelania bezala erabat ofiziala izan dadin eta 15 urteren buruan langile publiko guztiak euskalduntzeko plan bat abiaraziz.

Trantsizio ekosozial bati aurre egiteko premiaren aurrean, lan munduak enpresen eta produkzio sarearen beraren eraldaketari laguntzea eskatuko du, deslokalizazioak saihestuz eta enplegua bermatuz. Horretarako, 2.300 milioi euroko funtsa sortzea proposatzen da.

Muñoak eta Lakuntzak Eusko Jaurlaritzak lan osasunean duen erantzukizuna ere gogorarazi dute, eta gutxienez 120 pertsona eskatu dituzte ikuskaritzako plantillan. Gainera, Osakidetza indartzeko lan egin behar da, egun batean mutuen funtzioak bere gain har ditzan, besteak beste. Eta langile publikoei dagokienez, ELAk gogorarazi du 2021etik 2024ra galdutako erosteko ahalmena berreskuratu behar dela, eta plantillen egonkortzea % 8ko behin-behinekotasunera murriztu.

Azkenik, ELAk Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparru bat ezartzea proposatu du, besteak beste, gure lurraldean LGS bat legez ezartzeko eskubidea jasoko duena.

Eusko Jaurlaritzaren politika kontinuistak

Eusko Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu zuen atzo langile publikoentzat. Erabaki horrek islatzen du Urkulluren exekutiboen politiken jarraipena, Lakuak "Madrilgo gobernuaren sukurtsal" gisa jokatzen baitu, langile publikoei KPIaren igoera aplikatzeari uko eginez. Horregatik, ELAk azpimarratu du erabakigarriak izango direla politika horiek benetan aldatzeko gobernuak hartu behar dituen neurriak.