Lehiaren Euskal Kontseilua, berriz ere, ahulenen eskubideen aurka

2013/11/07
Gipuzkoako Foru Aldundiaren herri-lanetan Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmenaren aplikazioa ziurtatzen duen foru arauaren bultzatzaile nagusia ELA izan da, eta ELA da orain gaitzesten duena Lehiaren Euskal Kontseiluaren erabakia, aipaturiko foru arauari aurka egitearena.

Horrela, Lehiaren Euskal Kontseilua negozioa egin nahi dutenen alde agertu da. Ez nolanahiko negozioa, ordea, langileen zapalkuntza eta esklabutzaren konturako negozioa baizik.

Foru arau hori tresna egokia da obra publikotik “esklabista”tzat har daitekeen lan-merkatu bat ezabatzeko. Orain arte enpresa askoren negozioa langileen zapalkuntzan oinarritu da, eta hortik heriozko ondorioak ere gertatu izan dira.

Horren inguruan piztu den gizarte-eztabaida dela-eta, eragile politikoek nork bere iritzia eman behar izan du. Ondorioak gorabehera, obra publikoan zapalkuntza badela eragile politiko guztiek onartu duten zerbait da.

Noski, iritzirik eman ez duen bakarra, arazorik ere badagoen onartu ez duen bakarra patronal handia da. Patronal hori, inolako begiramenik gabe, baliatzen da egoeraz bere etekinak eta mozkinak ugaltzeko. Eta gizarte-iruzur horretan erantzulerik handiena bera da.

Eta orain badago beste bat jendaurrean iritzia argi eta garbi adierazi duena: Lehiaren Euskal Kontseilua. Errekurtso bat aurkeztu dio Gipuzkoako Foru Arauari, eta horrela iruzurretik onura ateratzen dutenen alde agertu da, patronal handiaren alde. Kontseiluko buru Pilar Canedoren adierazpenetan ez dugu argudio borobil bat bera ere aurkitu, erakunde hori errekurtso bat jartzera beharturik ikusteko.

Kontseiluburuaren hitzak berak erabiliz:

  • ez da egon ezein enpresaren erreklamaziorik”, obra publikoen enkanteetan ehunka enpresa lehiatzen badira ere.

  • Eraikuntzaren Hitzarmena oso-osorik aplikatzea lehia askearen kontrakoa izan daiteke” esaten du. Baina lehia askearen kontrakoa dena da lan-baldintza berdinak izan gabe enkanteetara aurkeztea.

  • Foru Araua Alemaniako egoera batekin alderatzen du, nahiz eta batere antzik ez izan.

  • Dioenez “ezin dira kanpo utzi batezbestekoaren %10etik behera dauden eskaintzak”; diru publikoaz egiten den AHTaren obretan, esate baterako, %7ko klausula baitago.

Inpugnazioaren ondotik, eta oinarri dituen argudio hutsalak ikusita, lotsagarria iruditzen zaigu honelako itxurakeriazko esaldiak adieraztea "ez dugu eztabaidan jartzen obretan gutxieneko baldintzak errespetatu behar direnik" edo "ez dugu ukatzen foru arau horren asmo onez eginda dagoenik".

ELAk obra-tokian bertan eta behar den lekuan bultzatuko du eraikuntzaren esklabutza errotik kentzea. Oraingo honetan borroka juridikoa eta sindikala bultzatuko dugu bidegabekeria horren kontra. Gainera, bilerak egiteko eskatuko diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari eta foru arauaren alde agertu ziren talde politikoei.