Lekeitioko Udalak hiru langile kaleratuko ditu subrogazioa ez aplikatzeagatik

2012/05/07
Lekeitioko Udalak hiru langile kaleratuko ditu subrogazioa ez aplikatzeagatik
ELAk salatu nahi du Lekeitioko Udalak hiru langile kaleratuko dituela, lorategiko zerbitzuan (gaur egun FCC enpresa kontratatuaren bidez burutzen dena) lanean ari diren hiru langileek subrogaziorako duten eskubidea ez duelako aplikatu nahi.

 

Langile horiek “obra edo zerbitzuko” kontratu baten bidez kontratatu zituzten, amaierako datarik gabe eta Lekeitioko udalerriko lorategietan mantentze-lanak egiteko. Zerbitzua itzultzean, zeregin horiek udalak burutuko ditu zuzenean, baina “obra edo zerbitzua” ez da amaitzen. Eta lorategietako hitzarmenak (aplikagarria) ezartzen duenez, langile horiek subrogatuak izateko eskubidea dute, harik eta lanpostuak OPE (Enplegurako Eskaintza Publikoa) baten bidez behin betiko estali arte. 

Hori horrela izanda eta Langileen Estatutuak, UDALHITZek eta Hitzarmenak ezartzen dutenari kasurik egin gabe, Lekeitioko Udalak kontrata horretako langileak subrogatzeari ezetza eman dio; eta horregatik epe laburrean (lan poltsan martxan jarri bezain pronto), kalean geratuko dira, udalerako bakarrik lan egiten dutelako.

Lekeitioko Udalaren erabakiak, “zerbitzua udalera bihurtzea langileak subrogatu gabe”, hauxe esan nahi du:

  1. Hiru langile kalean uztea eta enplegurik gabe, nahiz eta lorategiko zerbitzuak jarraituko duen eta langile berriekin estaliko den.

  2. Langileen Estatutuak ezartzen duena (enpresen ondorengotza eta subrogazioari buruzkoa) ez betetzea, Administrazio gisa langileen eta herritarren eskubideak bermatu behar dituenean.

  3. Udaleko langileei aplikagarri zaien hitzarmena (UDALHITZ) ez betetzea.

  4. Alkate andreak negoziazio-mahaian planteatu zuena ez errespetatzea, bertan esan baitzuen langileen subrogazioa bermatuko zela zerbitzuak udalera bihurtzean.

  5. Eta azkenik, udal fondoak bidegabeki erabiltzea langile kaleratuei dagozkien kalte-ordainak ordaintzen, lorategiko zerbitzuaren premia dagoelako.

Kontuan hartuta badirela subkontratatuta dauden beste zerbitzu batzuk ere, nor edo nortzuk izango dira hurrengo kaleratuak?... Agian Kale-garbitzaileen (barranderoak) zerbitzukoak (7 langile), edota Udal Eraikinak garbitzeko eta mantentze-lanak egiteko zerbitzukoak (6 langile), edota Ume eta Gazteria Arlokoak (3 langile).