Lemoako Prefabricados enpresako langileak greban

2013/09/16
Joan den otsailean Irlandako CRH taldeak Valderrivas taldeari Lemoako Cementos erosi zion. Zazpi hilabete geroago Cement Roadstone Holding (CRH) konpainiak Lemoako Prefabricados itxi nahi duela jakinarazi du, Lemoako Cementosen barruko enpresa. Erabaki honen aurka greba hasi zuten langileek joan zen ostegunean.

Lemoako Prefabricados enpresak 35 langile ditu eta aurrez fabrikatutako piezak egiten ditu eraikuntzarako, batez ere herri lanetarako. Hura ere CRHren esku geratu zen salerosketaren operazioan. Urte erdia pasatxo joan da ordutik, eta dagoeneko CRHk iragarri du itxi egin nahi dituela Prefabricados enpresaren Lemoako eta Castropepeko (Zamora, Espainia) lantegiak.

ELAk azaldu du azken bi urteotan sekulako irabaziak izan dituela enpresak, urtero 600 milioi eurotik gorakoak hain zuzen. Era honetan, PPren azken lan erreformak enpresak ixtea eta langileak inolako ardurarik gabe kaleratzea erraztu egiten duela salatu du.