Erabateko jarraipena izan du Lezoko Interal enpresan hitzarmena berritzeko egindako lehen greba egunak

2022/09/27
Enpresak hitzarmen berriaren negoziazioan murrizketak egin nahi dituen bitartean, batzarrak aldeko 10 bototik 9rekin onartu zuen 5 egunetan lanuzteak eta grebak egitea KPIaren gainetik soldata igoera, lanaldia murriztu eta kontziliazioa hobetzen duen hitzarmen bat lortzeko.

Lezoko Interal enpresan urte hasieran hasi ziren 2021az geroztik iraungita dagoen enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioak. Harrezkero hainbat bilera egin diren arren, enpresak egungo hitzarmena okertzen dituen neurriak jarri ditu mahai gainean, KPIaren azpitik dauden soldata igoerak besteak beste.

Gainera, adierazi behar da enpresako zuzendaritzaren jarrera oldarkorra areagotu egin dela, presioa handitu eta zigorrak areagotu egin baitira.

Egoera honen aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko asmoz, enpresa batzordeak mobilizazio proposamen bat aurkeztu zuen batzarrera. Proposamen horren arabera, irailaren 27an eta urriaren 4an 4 orduko lanuzteak egingo dira, eta urriaren 11n, 18an eta 25ean greba egunak. Proposamen hau aldeko 136 botorekin eta kontrako 20rekin onartu zen.

Aldarrikapen nagusiak, egungo hitzarmenean murrizketarik ez ekartzeaz gain, hauek dira: KPItik gorako soldata igoerak ezartzea, urteko lanaldia murriztea eta lizentziak eta kontziliazio neurriak hobetzea.