Lookiero enpresako langileak greban daude lan baldintzak hobetuko dizkien hitzarmena lortzeko

2023/01/17
Gaurkoa da oraingoz deitu diren hiru greba egunetako lehena, eta jarraipena erabatekoa izaten ari da: Santurtzin duen biltegian lan egiten duten 90 pertsona baino gehiagoren %96 gelditu egin dira lan baldintza prekarioengatik protesta egiteko.

Lookiero arropa online saltzen duen enpresa da, personal shopper zerbitzuarekin, Bilbon sortua eta Estatu Espainiarrean, Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Alemanian, Portugalen, Belgikan, Luxenburgon, Austrian eta Herbehereetan hedatu dena.

Lan baldintzak erabat prekarioak dira: lanbide arteko gutxieneko soldatara iritsi ahal izateko plus baten mende dauden soldatak, eta probintziako hitzarmenean jasotako garraio plusa ere ez dute kobratzen.

Egoera horretan, langileek beren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmen bat negoziatzea erabaki dute, baina enpresako zuzendaritzak uko egin dio. Negoziazioa behartzeko, greba deitu dute urtarrilaren 17, 18 eta 19rako.