Lopezen gobernua gezurretan ari da berriro ere
Baina hau ez da egia; arrazoia beste bat da. Eusko Jaurlaritzak Madrilgo gobernuarekin hitzartu zuen lau urtez defizit publikoa mugatu egingo zuela, aurten eta datorren urtean %1,3ra eta hurrengo bi urteetan %1era. Erabaki honi gehituz gero politika fiskala aldatzeko aukera baztertu egin duela (zerga-sistema progresiboagoa, duela urte gutxi zeuden tarifetara itzultzea, iruzurrari jazartzea...), murrizketak gauza jakina dira.
ELAk aipatutako akordio hori duela hilabete salatu zuen (oro har ezkutatu egin baitute). Orduan esan genuen hauteskundeen ostean plazaratuko zutela, botoetan izan zezakeen ondorioen beldurrez. Ezin da eztabaida manipulatu begibistakoa dena saihesteko: Botere politikoa kapitalaren esanetara dago eta nahiago du murrizketa sozialekin jarraitu hari aurre egitea baino.
Indarrean dauden politika guztiekin enplegua suntsitzen da: Banketxeak salbatu baina hauek mailegurik ez dute ematen; defizita murriztu egin dute, aurrekontuak gutxitu, gizarte-prestazioak kendu, soldatei eraso egin, lanaldia luzatu, interes tasak igo... Neurriok guztiok ekonomia errealari kalte egiten diote, eta ondorioz langabezia gehitzen da. Baina bost axola zaie.
Ezin da onartu enpleguaren eta solidaritatearen aldeko politikak bazterrean uztea.