Lurra, bakea, estatua palestinarrentzat

2002/04/04
Euskal sindikatuek adostutako agiria.
Eraso israeldarra gelditu LURRA, BAKEA, ESTATUA PALESTINARRENTZAT Gobernu israeldarra herri palestinarraren aurka eraso gero eta bortitzagoa ari da egiten. Eraso horrek nazioarteko itun guztiak zapuzten ditu, eta AEBetako gobernuaren adostasunarekin eta Europako Batasunaren epelkeriaren aurrean gertatzen da. Beraz, agiri hau sinatzen dugun sindikatuok Euskal Herriko langileek herri palestinarrari elkartasuna adieraztea beharrezko ikusten dugu, eta honakoa eskatzen dugu: 1. Erasoaren amaia, eta ejertzito israeldarra lurralde palestinar okupatuetatik berehala erretiratzea. 2. Estatu palestinar burujabe eta independentearen aldarrikapena, muga seguru eta onartuen barnean eta Jerusalen ekialdea hiriburutzat duelarik. 3. Palestinako Aginte Nazionala herri palestinarraren ordezkari bakar eta zilegitzat onartzea, beroni seguru eta aske mugitzeko bermea ematea, baita Arafat presidentearen bizia errespetatzea eta berriro mugitzeko askatasun osoa uztea ere. 4. Eskualdeko bake eta segurtasunerako negoziazioei berriro heltzea, oinarritzat Beiruten Liga Arabiarraren goi-bilerak egin dituen proposamenak harturik. 5. Nazio Batuek gatazka palestinarrari buruz hartu dituzten ebazpenak berehala gauzatu eta betetzea. 6. Inguru hartara babeserako eta bi aldeen artean jarriko den nazioarteko misio bat berehalakoan igortzea. 7. Euskal erakundeei, estatu espainoleko eta frantseseko gobernuei, Europako Batasunari eta nazioarteko komunitate osoari aurreko puntuetan aipatutakoa gauzatzeko konpromisoa har dezatela eskatzen diegu, eta Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko erabakiak berehala har ditzatela. Euskal Herriko erakundeak garen aldetik beharrezko irizten diogu herritarren mobilizazioari, eta herritar guztiei eskatzen diegu herri palestinarrarekiko elkartasuna adieraztearren izango diren deialdietan parte har dezatela; halaber, euskal ordezkari politikoen konpromisoa eta presentzia galdegiten dugu, Palestinako herria babesteko nazioarteko misio zibilarekin bat eginez. EHNE, ELB, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, STEE-EILAS, USO, HIRU, EGAZ Bilbon 2002ko apirilaren 4an