Lurraldebuseko hitzarmena behin eta berriz urratzen ari da Avanza enpresa

Duela pare bat urte Transportes Pesa erosi zuen Avanza autobus enpresa mexikarrak Lurraldebuseko langileen hitzarmenaren azken urraketak auzitara eramango ditu ELAk. Zehazki, sindikatuak salatu du Donostiako autobus geltokiko Avanza/Lurraldebus txarteldegiko langileak hitzarmenean jasotakoa baino denbora gehiago lan egitera behartuta daudela, ordezkapenetan aurrezteko. Egunean 8 ordu eta erdiko lanaldi jarraituak egiten dituzte, ezarritako atsedenik gabe, edo lanaldi arrunta baino 40 minutu gehiagoko beste ordutegi zatitu batekin. Bestalde, behin-behineko langileei oporrak eta egun libreak amaitzen ari zaizkie, hitzarmenak dioenaren kontra.
ELAk salatu du Avanza enpresak hitzarmenean adostutakoa ez betetzeko ohitura hartu duela indarrean dauden baldintzak okertuz.
2020ko abenduan, ELAk salaketa jarri zuen Ikuskaritzan, kontratazioan iruzurra egiteagatik, eta laster epaia izatea espero da. Era berean, sindikatuak behin baino gehiagotan jo behar izan du PRECOra.
Oporren etorrerarekin egoera are larriagoa da. Ildo horretan, ELAk aurreratu du enpresak bere jarrerari eusten badio mobilizazioak deituko dituela.