M1 | Lakuntza: “Aldaketa garaia da, baina horretarako presioa egiten jarraitu behar dugu: bai kalean, bai lantokietan”

2021/04/26
‘Aldaketa garaia da’ lelopean, ELAk lehen aldiz Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu Maiatzaren Leheneko manifestazioak. Aldaketarako garaia dela aldarrikatuko du bertan, lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma ardatz hartuta. Pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko garaia delako, lan hitzarmenak bertan negoziatzeko aukera izateko eta enplegua suntsitu ordez salbatu dadin. Horregatik, kalera ateratzeko deia egin du gaur sindikatuak: “Aldaketa garaia da, bai, baina jakin badakigu aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugula bai kalean, baita lantokietan ere”.

Aurten, lehen aldiz, Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo ditu manifestazioak ELAk Maiatzaren Lehenean. 11:30ean abiatuko dira manifestazioak Bilbon, Iruñean eta Donostian; Gasteizen, ordu erdi arinago, 11:00etan. Horiek aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusi albokoak. Irudia eta mezua ere aurkeztu dituzte.

Muñoak azaldu du zein den aurtengo leloa: 'Aldaketa garaia da!'. ELAko idazkari nagusi albokoak ziurtatu duenez, pandemiak inoiz baino ageriagoan utzi du eraldaketarako premia, milaka lagunen osasuna eta egoera ekonomikoa mehatxupean baitago —bereziki, emakumeena—, eta gizarte desberdintasunak areagotzeko bidean dira. “Zirt edo zart egiteko garaia da. Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emango zaion”. Horregatik, Muñoak ziurtatu du aldaketak egiteko unea dela, eta horregatik hautatu du ELAk lelo hori.

Mitxel Lakuntzak bat egin du Muñoarekin, eta ohartarazi Europako Funtsen “tranparen” aurrean gaudela. “Murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu”. Izan ere, “Europako Batasunaren trantsizio ekologikoa delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketak eta austeritatean oinarritutako aurrekontu-politikak ezartzearen truke”.

Era berean, lan erreforma bertan behera uztea ezinbestekoa dela dio Lakuntzak. Azken hilebeteotan ehunka langilek greba egin dutela edo egiten ari direla oroitarazi du, “etekinak lortzen dituzten enpresek jendea kaleratzen ari direlako, euren neurrira egindako legedia baliatuz”. Egoera horren aurrean, lan arloko lege horiek indargabetzeko eskatu du. “Patronalak, Espainiako Gobernuak eta Urkulluk berak uste dute lan erreforma ez dela indargabetu behar, ez delako une egokia. Pandemia da orain aitzakia. ELAk, aldiz, uste du hori ere badela arrazoia lan erreformak indargabetzeko, milaka langile ez daitezen kaleratuak izan enpresek nahi bezala”.

Gainera, bizi dugun krisiari erantzuteko zerga erreforma egiteko unea ere badela aldarrikatu du: “Bestela, krisiari emango zaion irteerak desberdintasunak areagotuko ditu. Halako erreformarik gabe, zorra ordaindu beharraren lehentasunak ezinbestean murrizketa gehiago ekarriko baititu. ELAk proposatzen du zerga erreforma bat egitea, zeinaren bidez gehiago ordainduko duten errenta altuek, enpresen etekinek eta ondare edo fortuna handiek”.

Are gehiago pandemia garaian, bizi dugun krisiak erakutsi baitu kapitalismoaren irrazionaltasuna eta injustizia gailendu egin direla bizitzaren, osasunaren eta berdintasunaren aurrean; txertoekin eta patenteekin gertatutakoa dira horren adibide. “Irrazionaltasun hori gurean ere agerian geratu da. Iruñeko eta Gasteizko gobernuak ez dira krisialdi honetatik ondoriorik ateratzeko gauza. Zaintza sektorea publikatzea, Osakidetza eta Osasunbidea indartzea, Hezkuntza sistema hobetzea edo krisiak eragindako pertsona eta sektoreei babesa ematea… Halakorik ez dago Urkullu eta Chiviteren agendan”.

Bilboko manifetazioan izango da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia; Iruñeakoan Imanol Pascual Nafarroako koordinatzailea; Gasteizen Leire Gallego; eta Donostian Amaia Muñoa.