Maderas Lobera zigortu dute greba eskubidea urratzeagatik

2007/07/04
EAEko Auzitegi Gorenak Trapagako Maderas Lobera enpresaren aurkako epaia eman du, langileen greba eskubidea urratzeagatik. 2006. urteko maiatzean langileek 86 egunetako greba aurrera eraman zuten, hitzarmen propioaren alde.

Epaia irmoa da, eta ez dago helegitea aurkezteko aukerarik. Enpresak ordezkari sindikal bakarra du, eta bera ELArena da. ELAk oso irakurketa baikorra egiten du sententziaren inguruan; epaiak greba egiteko eskubidea babesten du, enpresaren legez kanpoko gehiegizko jardueraren aurrean. Izan ere, enpresa hasieratik saiatu zen zilegia zen greba baten ondorioak ahalik eta gehien murrizten.

Helburu hori lortu asmoz, enpresak greban ez zeuden langileen lanaldia handitu zuen, gauez ere lan eginez eta ohikoak ez zituzten zereginetara aldatuz. Epaiak jarduera hori salatu eta zigortzen du, greba eskubidearen aurkakoa delako.