Madrileko akordioarekin lan hitzarmenak zentralizatzea eta langileak desmobilizatzea bilatzen dute
Hala azpimarratu dute Adolfo Muñozek –idazkari nagusiak– eta Mikel Novalek –azterketa bulegoko eta arlo sozialeko arduradunak– goizean akordio honen inguruan egin duten balorazio publikoan.
ELAk nabarmendu nahi du soldatei dagokienez akordioak soldaten gehieneko igoera ezartzen duela (%1 2015erako eta %1,5 2016rako). Era berean, ontzat ematen ditu enpresen lan-baldintzak erasateko eta soldatak jaisteko estrategia guztiak: aldi baterako eta lanaldi partzialeko enplegua; enpresak langilearekiko duen erabakitzeko ahalmena areagotzea; azpikontratazioa (outsourcing delakoa barne); patronalak subrogazio eskubidea ukatzea, zerbitzu edo lan bat esleitzen den aldioro eskubide laboralen kontagailua zerotik has dadin; sektore zein enpresako negoziazio kolektiboaren estatalizazioa; kontratuetan gertatzen den iruzur orokorra, botere publikoek borrokatzen ez dutena...
Muñozen hitzetan “akordioa, bere horretan, ez du sinadura justifikatzen. Honen atzean sindikatu eta patronalen diru publikoen sarrera berriak egon daitezke. Zentzu honetan, CEOEko buru Joan Rosselek horren aldeko adierazpenak egin berri ditu. Bestalde, UGT eta CCOO sindikatuak, nola edo hala, negoziazio kolektiboa zentralizatu nahian dabiltza; bide batez, ELArekin amaitzea ere bilatzen dute”.