Madrilgo ezezkoa dela eta

2005/02/07

German Kortabarria ELAko Idazkari Nagusi Albokoa

Eusko Legebiltzarrak aurkeztutako estatutu berriaren proposamena aintzat hartzea ukatu egin zuen Diputatuen Kongresuko gehiengo zabalak; honela Gasteizko Legebiltzarrean Estatutua berritzeko hasi zen prozedura formala era traumatikoan amaitu zuen. Gobernuko alderdia eta oposizioko lehen alderdia bat etorri ziren eta erabat arbuiatu zuten, ez soilik proposamenaren edukia, baita proposamena bera eztabaidatzeko aukera ere. Rodriguez Zapatero eta Rajoyk adierazi zuten estilo arras desberdina gorabehera, Espainiako bi alderdi nagusien arteko sakoneko akordioaren sendotasuna berriro geratu zen frogatuta. Esan beharra dago, gainera, oinarrizko adostasuna ez dela soilik bi alderdi horien artekoa. Espainiako botere guztiak bat datoz horretan: monarkia, eleiza, patronala, komunikazio talde handiak eta sindikatuak.

Korteetako batzarrean zenbait mezu argi asko geratu zen:

  • Legitimitate eta subiranotasun iturri bakarra nazio espainola denik zalantzan jar dezakeen edozein proiektu politiko jazarri egingo dute, bitarteko guztiak erabiliz.

  • Euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea soilik nazio espainolaren kide diren heinean dute, eta beraz nazio horren baitan.

  • Euskal herritarrak ordezkatzen dituzten erakundeek euren borondatea bakar-bakarrik estatuko instituzioek aitortzen dizkieten gaietaz adieraz dezakete, betiere estatuak ezarritako mugen baitan.

  • Euskal herritarrei galdetzeko eskubidea, eta haien borondatea adierazteko aukera, estatuak aldez aurretik onetsitako gaiei buruzkoa izango da.

  • Euskal herritarrek beren etorkizunaz erabaki demokratikoak hartzeko eskubidea aldezten duten proiektu politikoek egungo esparru juridiko-instituzionalean ez dute tokirik; hain zuzen, esparru horri eusteko konpromisoa hartu dute Espainiako alderdi nagusiek.

Beraz, demokraziaren erakundeak proposamen demokratiko bati buruz elkarrizketa prozesu bati ekiteko ez gauza izan ziren, eta botere-aparatu besterik ez den demokrazia baten lotsariak agerian utzi zituzten; sistema honek bere buruari status quoa iraunarazteko bitartekoak eman dizkio, eta bitarteko horiek galarazi egiten dute egitura instituzional eta arau-emailea kontrolpean dutenen gustoko ez den edozein ekimen. Datorren otsailaren 20an izango den Batasunaren Itunari buruzko erreferenduma status quo hori iraunarazteko berme bat gehiago da, PSOEk eta PPk etengabe azpimarratzen duten legez.

Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren ibilbide instituzionala halabeharrez amaiarazi dutenez, oinarritzat herriari egindako kontsulta izango duen aro berri bat hasteko modua daukagu; kontsulta horretan herritarrek bere buruaren jabe izateko eta zer izan nahi duten erabakitzeko borondatea adieraziko dute. Subiranotasuna gauzatze hori Espainiako erakundeen ukapenari emandako erantzun egokia izango da.

Aldi berria baliatu egin beharko litzateke aurreko hutsegiteak zuzendu eta gabeziak osatzeko, bi puntutan behinik behin: proposamenaren kudeaketa, orain arte esparru instituzionalera mugatu baita ia erabat, eta autodeterminazio eskubidearen aldeko indarrak bilduko dituen aliantza politiko eta soziala, ez baita halakorik egin. Aliantza honen oinarria kontsultaren edukiari, formari eta epeei buruzko akordioa litzateke.

Egia da ez dagoela posizio hau gauzatuko denik uste izateko motibo handirik, baina horren alde egin behar dugulakoan nago; nire irudiko, hartara iristeko lan egin behar dugu autodeterminazio eskubidearen aldeko indarrak biltzea eskubidea bera lortzeko bidean ezinbesteko urratsa dela uste dugunok. Horregatik harrituta geratzen naiz Lizarra-Garaziko kide izandako zenbaiten iritziak entzuten ditudanean: ekimen haren porrota "guztiak ez zeudelako" etorri ei zen, edota irtenbidea alderdien arteko mahai baten emaitza izango omen da, orduan Lizarran ez zegoen indar handi baten partaidetzari esker. Nahiago nuke hanka sartzea, baina ez dut uste, joan den asteartean indar espainol nagusiek egindako adierazpen ezin argiagoak oraindik isildu ez direlarik, Downing Street Carrera de San Jeronimotik edo Moncloatik gertu dagoenik.

Honekin ez dut esan nahi elkarrizketa ahalik zabalena saiatu behar ez denik, eta estatuarekin lehenbailehen hitz egin beharreko gaiak ez daudenik; noski, gatazka politikoa konpontzea ezinezkoa izango da "guztiak ez badaude". Baina egungo egoera, gure herriak erabakitzeko eskubidea duela uste dugunok gutxieneko adostasun batzutara iristeko ezintasuna, ez da bat ere pozgarria. Pentsa dezagun, adibidez, Parlamentu espainolaren erabateko ezezkoari erantzuteko zein egoeran geundekeen, baldin eta Lizarra-Garaziko harremanak berreskuratu eta baldintzak hor baleude. Pentsa zein egoeratan geundekeen herriari egin beharreko kontsultaren edukia, garaia eta modua adosteko.

Ez dirudi Lizarra-Garazi txikituta geratu ostean barreiatuta gabiltzan indarrok berehalakoan hurbilduko garenik. Litekeena da ere orduko egoera inoiz ez itzultzea, baina autodeterminaziorako estrategian indar autodeterministen arteko adostasunik zabalena lortzea ez ote da urrats beharrezkoa? ELA osatzen dugunok jendea baiezkoan gaude.