Madrilgo Mahai Orokorrean ELAk Espainiako Gobernuaren neurriak errefusatu ditu

2010/05/20
Madrilen maiatzaren 20an bildu den Estatuko Mahai Orokorrean, Espainiako Gobernuak, aurrez adierazi zuen moduan, arlo publikoko langileen soldatak murrizteko planteamendua azaldu du.

 

 

Argi dago neurri hauen atzean gastu sozialaren eta enplegu eta zerbitzu publikoen murrizketa garbia ezkutatzen dela; eta krisiaren pisua, beste behin ere, langileen eta jendarte osoaren bizkar gainera bota nahi dela. Neurri hauek langileen lan baldintzen okertze nabarmena dakarte, enpleguaren deuseztea, lan kargak handitzea, zerbitzu publikoen okertzea eta pribatizaziorako bidearen zabaltzea.

Krisiaren arrazoiak eta garapena ikusirik eta arlo publikoko langileen aurka inoiz hartu diren neurririk gogorrenak izaki, ELArentzat onartezinak dira Espainiako Gobernuak inposatu nahi dituen murrizketak eta guztiz baztertzen ditu. Ez da inolaz ere zilegia gastu sozialaren murrizketan sakontzea beste politika fiskala zuzenagoa bideratu beharrean; azken finean hau baita benetako elkartasunaren adierazgarria.

Oso larria deritzogu arlo publikoko langileek Negoziazio Kolektiboaren bidez lorturiko akordioak Gobernuak aldebakarrez bertan behera uztea eta langile hauen Negoziazio Kolektiborako eskubidea errespetatua izan dadin exijitzen dugu.

Azkenik, guztiz baztertzen dugu Espainiako Gobernuak neurri hauei eman nahi dien oinarrizko izaera eta Euskal Herriko administrazio ezberdinei exijitzen diegu diegu beraien autonomiaren jabe egin daitezela eta Estatuko Gobernuak ezarri nahi dituen erabakiei uko egin diezaietela. 

Hau guztia salatu eta exijitzeko ELAk Euskal Herrian gehiengo sindikalak maiatzaren 25erako deitu duen sektore publikoko greba eta mobilizazioak burutzeko deia luzatzen du.