"Madrilgo negoziazio kolektiboaren inguruko akordioak gurekin ez dauka zerikusirik"

2005/03/10

UGTk eta CC OOek CEOErekin laugarren urtez hainbat gomendio jasotzen dituen hitzarmen kolektiboen negoziazioari buruzko akordio bat sinatu dute. Adolfo Muñoz ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak akordioaren aurkako jarrera itxia adierazi du: "Akordio honen eta islatzen duen negoziazio ereduaren guztiz kontrakoak gara: ez dauka gurekin zerikusirik, eta ez dugu aintzat hartuko". Muñozek azpimarratu egin du ELAren konpromisoa bestelakoa dela, "gure helburua lan merkatuan egiturazko bihurtu diren kolokako enpleguaren arazoei (aldi baterako kontratuak, diskriminazioa, azpikontratazioa, etab.) aurre egitea; hain zuzen, arazo horiek CC OOek eta UGTk aldezten duten eredu sindikalaren ondorio dira".

Sinatzaileen asmoa akordioak "datozen urteetan ere jarraitzea da, 2006rako luzatzeko aukera aipatzen baita bertan; CC OO eta UGTk ugazaben interesen araberako eredu sindikalari eusten diote. Confebaskek agertu du sinatu den akordioak eman dion poza. Aurrerantzean, iragarri dutenez, lan merkatuaren eta negoziazio kolektiboaren erreforma prestatzen hasiko dira".

Adolfo Muñozek esan duenez, Espainian indarrean dagoen elkarrizketa sozialaren ezaugarriak honakoak dira:

  • Ugazabek aldezten dituzten balio sozialen onarpena: "lehiakortasuna, produktibitatea, inflazioaren kontrola eta kontu publikoen oreka (horietarako politika egokiak eskatzen dituzte) berezko helburu bilakatzen dituzte".
  • Negoziazio prozesua, "aurreko urteetan gertatu den legez, zeharo burokratikoa da eta langileen parte hartzea baztertzen du".
  • Sinatu duten sindikatuek "mobilizaziora jotzeko aukerari uko egiten diote". Izan ere, dio Muñozek, "akordio hauek sindikatu espainolek egin duten apustu baten emaitza dira, mugimendu sindikalaren ahulezia estrategikoaren aldeko apustua alegia".

ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak CC OO eta UGTk sinatu duten akordioa aurreko urteetakoen errepikapentzat jo du:

  • Aurten ere soldata igoera murritzen alde egingo dute, igoerak inflazio aurreikuspenaren araberakoa (%2) izan behar baitu. "Bi sindikatuek duela gutxi aitortu dute beren agerkarietan soldaten bilakaera txarra dela, langile bakoitzeko soldata-kostuetan erosteko ahalmena galtzen ari dela. Beraz, benetan ez dute igoera txikien alde sinatu, murrizte erreala baizik".
  • Sindikatu horientzat "lanaldia murrizteko helburuak ez du garrantzirik. Laugarren urtez, puntu hau aipatu gabe geratu da akordioan".
  • Barne-malgutasunaren aldeko apustuak (mugikortasuna eta lanaldiaren banaketa zein kudeaketa) "ugazaben jarrerarik gogorrenei men egiten die".
  • Enpleguaren inguruko guztia "literatura hutsa da, konpromiso zehatzik gabea. Hoberenera jota, sinatzaileen helburua gauzak bere horretan uztea da".