Maiatzaren 17an: irakaskuntza pribatua greban

2002/04/16
Mobilizazioak

E.A.E.ko Irakaskuntza Pribatuko Lan Hitzarmenaren negoziazioa etenda geratu zenetik bi hilabete baino gehiago pasatu arren, mahaian gauden sindikatuok patronalen proposamen serio bat itxaroten ari gara oraindik.

Gure helburuen artean gutxienekotzat multzo hau hartzen dugu:
· Ordutegi murrizketa (irakasleentzat eskola-orduak);
· Ikastetxeetan lan egiten duten guztiei lan-hitzarmenaren aplikazioa (Haur Hezkuntza);
· Hezkuntza Bereziko laguntzaileen lan egoera hobetzea;
· Homologazio bidea laburtuko duten soldata igoerak irakasle eta ez irakasleentzat.

Patronalek behin eta berriro ematen digute ezetz borobila eskaera multzo honi.

Egoera honetan ez dugu ezer lortuko presio neurriak abiarazi gabe. Eta patronalen jarrera ikusita, greba beharrezkoa dela ikusten dugu.

Berez ELA, STEE-EILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok deia egiten diegu langile guztiei egun bateko grebara maiatzaren 17an.

Egun berberan lurralde bakoitzean kontzentrazioak egingo dira. eguerdiko 12etan hurrengo lekuetan:

· DONOSTIA: Alderdi Eder
· BILBO: Zirkular Enparantza
· GASTEIZ: Arka Plaza