Maiatzaren 18, 24 eta 26an, greba Arabako Metalean

2022/04/04
ELA, CCOO, LAB, USO, CGT eta ESK sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Arabako metalgintzan maiatzaren 18, 24 eta 26rako, hitzarmen kolektiboaren alde eta SEA patronalaren immobilismoaren aurka. Hitzarmen sektorial honen negoziazioak 4 urte daramatza aurrerapenik gabe. COVID-19aren krisiarekin negoziazioak gelditu ziren eta, ondoren, patronalak beti aurkitu ditu aitzakiak aurrera ez egiteko. Bitartean, sektorean arazoak eta prekarietatea pilatzen jarraitzen dute.

ELA, CCOO eta LAB 2021eko abenduan iritsi ziren negoziazio eta ekintza sindikalak bultzatzeko akordio batera, Arabako metalgintzako hitzarmen kolektibo duin bat izateko, eta, ondoren, USO-ESK-CGT gehitu zitzaien. 3 hilabete eta 4 bilera egin ondoren, ez dago aurrerapenik negoziazioetan.
Prekarietateak gora egin du sektorean: bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatak, lanaldi oso altua eta malgutasun handia, kontratazioan iruzurra, behin-behinekotasun eta ABLE ugari, azpikontratazioa handitzen ari da, emakumeen diskriminazioa oso maskulinizatuta dagoen sektore batean, lan-istripu ugari, egungo egoeretara egokitu gabeko baimenak, etab.

Gauzak horrela, eta ugazaben immobilismoaren aurrean, sektoreko sindikatuek 3 greba egun deitu dituzte maiatzean, hilaren 18an hasita, eta horren ondoren, 24an eta 26an, patronala mugi dadin eta sektorearen arazoei erantzungo dieten edukiak sina daitezen.

Sindikatuen plataforma bateratuak, besteak beste, honako aldarrikapen hauek jasotzen ditu:

- KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsarietan.
- Lanaldia nabarmen jaistea.
- Azpikontratetako langileentzako subrogazioa.
- Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan-osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan-baldintza batzuk
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraaktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.