Maiatzaren 21eko greba orokorreko gutxiengo zerbitzuak baliogabeak

2010/02/01
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Epaitegi Gorenak 2009ko Maiatzaren 21eko greba orokorrean honako sektoreetan izan ziren gutxieneko zerbitzuak baliogabetzat jo ditu: unibertsitatetik kanpoko ikastetxe publiko eta pribatuak, etxez etxeko laguntza eta bidaiarien garraio erregularra.

Maiatzaren 21eko greba deitu zuten sindikatuek (ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS) gutxieneko zerbitzuen formula bat proposatu zuten, 2002ko ekainaren 19ko greba orokorraren gutxieneko zerbitzuak oinarri hartuta. 

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, Maiatzaren 21erako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, azkeneko aldiarekin alderatuta handitu egin zituen bidaiarien garraio erregularreko alorrean  (%25etik %30era igaroaz), zaharren egoitzetan eta  etxez etxeko laguntzan; eta, gainera, era honetako grebetan lehendabizikoz, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen eguneko egoitzetan eta unibertsitatetik kanpoko irakaskuntza ikastetxeetan zein haur-eskoletan (0 eta 3 urte bitartean). 

ELAk agindu hori errekurritu zuen, aurreikusten ziren sektore guztiak oinarrizko zerbitzuak osatzen ez dutenaren ustearekin, eta, edozein kasutan, justifikaziorik gabeko gutxieneko zerbitzu desproportzionatuak zirela iritzita. 

Era honetan berretsita ageri da ELAk bere garaian, gehiengo sindikalaren batera, adierazitakoa: Lan Sailburu Gemma Zabaletak emandako aginduaren gehiegikeria eta proportzio-gabetasunaren bidez grebaren ondorio nabarienak indargabetu nahi zituen. Sententziak dioenaren arabera, arrazoi falta, proportzio-gabetasuna eta ezartzerako orduan izandako irizpide garbirik ez izateak bultzatu dute epaia. ELAk salatu zuen gutxieneko zerbitzu horien gehiegizko izaera eta proportzio-gabetasuna; are eta gehiago kontutan izanda irakaskuntzaren alorrean eta haur-eskoletan lehenengoz ezartzen zirela, eta oinarrizkoa den eskubide baten aurka –greba eskubidearen aurka– zihoazela.