Maiatzaren 24an greba irakaskuntza publikoan

2007/05/20
EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko hiru kolektibok, irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukaldari, garbitzaileak, prentsaren aurrean agertu ziren maiatzaen 19an egun hauetan buruturiko greben balorazioa egiteko, eta maiatzaren 24rako hiru kolektibo batera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deituta zegoen greba deialdia berresteko.

Egun hauetan eginiko grebei dagokienez, eta datu gerran sartu gabe, erronka nota altuarekin gainditu dugula esan dezakegu, nahiz eta Hezkuntza Sailaren aldetik, eta zehazki Tontxu Campos sailburuaren aldetik hamaika ahalegin egin deialdiak porrota izan zitezen, eta helburu hori lortze aldera grebak egiteko arrazoiak ez zeudela behin eta berriro esateaz gain, datu manipulatuak eta langileen desprestigioa erabiliz.

Maiatzak 15, 16, 17 eta 18 egunetan grebak deitzeko arrazoiak Hezkuntza Saila eta lau sindikatuok, STEE-EILAS, LAB, ELA, UGT, negoziazio kolektiboan ditugun posizioak oso aldenduta direlako. Irakasleen kolektiboan oso larria da Hezkuntza Sailak %31´3a ordezkaritza duen sindikatuarekin, CCOO sindikatuarekin, aurre akordioa sinatu izana, edukiz oso pobre den aurre akordioa. Eta gutxienez larritasun bera dugu laboral bi kolektiboetan, azaroan grebak burutu genituenetik Hezkuntza Sailarekin behin bakarrik bildu baitira. Grebak deituta edo grebak deitu gabe Hezkuntza Sailarentzat bi kolektibo hauek ikusezinak dira.

Esan behar dugu, Hezkuntza Saila mantentzen ari den jarrera itxiarekin maiatzak 24rako deituta genuen greba deialdiarekin aurrera egingo dugu. Egun horretarako hiru kolektiboko langile guztiak deitzen ditugu Hezkuntza sailari zaplaztekoa ematera, egun horretan denok greba egin dezagun, eta eguerdiko 12etan Lakuako aurrean burutuko dugun kontzentraziora ager daitezen.

Gure aldarrietan beste jauzi bat emango dugu, uste baitugu hasi behar dugula erantzuleak identifikatzen eta ardurak eskatzen. Are gehiago Tontxu Campos Sailburuak egun hauetan hartu duen erantzukizuna grebak desaktibatzera aldera. Ildo horretan publikoki eta gorengo erantzulea den heinean, Tontxu Campos Sailburuaren dimisioa eskatzen dugu, eta hori izango da 24an Sektoreko langileok besteak beste ozenki eskatuko duguna.