Maiatzaren 25an greba arlo publikoan

2010/05/14
Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba deitu du sektore publikoan maiatzaren 25erako zerbitzu publikoak indartzeko eta gastu soziala handitzeko. Greba deialdia gaur aurkeztu dute Bilbon ELA, LAB eta STEE-EILASeko ordezkariek.

Espainiako Gobernuak iragarri dituen murrizketek, Nafarroako eta EAEko gobernuek bere gain hartu dituztenak, Euskal Herriko sektore publikoko langileei nahiz zerbitzu publikoei oso modu larrian eragiten diete. Horri erantzuteko, gehiengo sindikalak greba deialdia egiten die sektore honetako langile guztiei.

Aipatu diren erabakien ondorioz, lehenengo aldiz soldatak batez beste %5 murriztuko dira, ekainetik aurrera, eta 2011an izoztu, eta zerbitzu publikoek larriki mehatxatzen dira. Ordainsarietatik haratago, erabakiek esparru publikoari erasotzen diote, ematen dituen zerbitzuei, berauen kalitateari eta zerbitzu hau bermatzen duten langileen baldintzei. Arlo publikoa eraitsi eta pribatizatzeko estrategia bat dugu hau, botere ekonomikoak esparru guztietan egin nahi duena, baita Euskal Herrian ere. Berriz ere, botere politikoa kapitalaren eta honen erakundeen menpean jartzen da, eta krisitik atera ordez egoera larriagotzen duen estrategia bat gauzatzeko prest dago. Hain zuzen, krisia gainditzeko biderik egokiena kontrakoa litzateke, hots, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzea, ematen duten estaldura eta kalitatea hobetzea, eta enplegu publikoa sortzea.

Gehiengo sindikalak krisia hasi zenetik eskatu izan ditu horrelako erabakiak, baina gobernuek ez dituzte aintzat hartzen; ondorioak ezin okerragoak dira, eta begibistan daude. Bankuei milaka milioi euro ematen zaizkiela, Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen dugunok ez gaude murrizketa larri hauei men egiteko prest, ezta gure eskubideak murriztu ditzaten eta neurri hauen kaltetu nagusienak zerbitzu publikoak beraiek eta bertako langileek izan daitezen ere eta ondorioz Euskal Herriko langileria osoa.

Ordua da Euskal Herriko gehiengo sindikalaren eta langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen eta eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozialean parte har dezagun.

Horregatik, esparru publikoko langile guztiei dei egiten diegu politika honi aurre egin diezaioten, eta Hego Euskal Herrian maiatzaren 25ean izango den mobilizazio eta grebarekin bat egin dezaten. Halaber, bertoko herri-administrazioei eskatzen diegu Espainiako gobernuak ezarri nahi dituen erabakiei uko egin eta ez ditzatela aplikatu.