Maiatzaren 27an greba Gipuzkoako ehungintzaren merkataritza sektorean

Sindikatuaren esanetan, merkataritzaren egoerak nabarmen egin du okerrera azken urteotan. Izan ere, gero eta langile gutxiago eta lan-baldintza okerragoak dituzte. Gaur egun, ehungintzaren sektorean 2262 langile daude. Sektore feminizatua da, ia % 95ean. Gainera, Gipuzkoako ehungintzako merkataritzako langileen egoera desberdina da, 2006-2009 indarraldiko hitzarmen bat baitute. Ondoren, 2010-2018 aldiko indarraldiko hurrengo hitzarmena sinatu zen, baina azken hori ADEGI eta Merkataritza Federazioko patronalek inpugnatu zuten, eta epaile batek erabaki zuen hitzarmen hori estatutuz kanpokoa zela. Beraz, 2262 kolektibo horietako bati 2009ko hitzarmena aplikatzen zaio, eta ordutik soldata izoztuta dago. Beste kolektibo bati 2010-2018 hitzarmena aplikatu zaio, eta soldata izoztuta dago 2018tik. Bietan eta kolektibo osoan, oro har, erosteko ahalmenaren galera etengabekoa izan da.
Egoera horren aurrean, 2021aren amaieran hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi ziren, eta ELAk % 85eko ordezkaritza du bertan. Akordioa ez da posible izan, besteak beste, patronalek ez dutelako 2010-2018 hitzarmena onartzen eta 2009ko egoeratik abiatu nahi dutelako.
ELAk Gipuzkoako ehungintzako merkataritzaren egoeraren azterketa zehatza egin du, Donostia aldean eta inguruko merkataritzaguneetan (Urbil, Garbera, Txingudi eta Mendibil). Guztira, 168 saltoki aztertu ditu, hau da, 970 langile, sektorearen % 42,88. 970 langile horietatik 734ri, hau da, % 75,67ri, ehungintzako merkataritza-hitzarmena aplikatzen zaie (2010-2018); 205i, berriz, 2006-2009 hitzarmena ( %21,13).
ELArentzat ezinbestekoa da negoziazio honetan sektoreko lan-baldintzetan jauzi bat egitea. Hauek dira aldarrikapen nagusiak:
KPItik gorako soldata-igoerak.
Urteko lanaldia 1.748 ordutik 1592 ordura murriztea.
Antzinatasun-plusa sartzea, kontuan hartuta gainera, kategorian igotzeko aukerarik ez duen sektorea dela.
Kontratu partzialak murriztea. Hori da merkataritzaren arazo nagusietako bat; izan ere, lanean 20 urte baino gehiago daramatzaten langile askok astean 18 orduko lanaldia dute.
Digitalizazioaren ondorioen aurrean blindatzea. Izan ere, merkataritzan prozesu digitalen ondorioak jasaten ari dira. Inditexek, adibidez, 2020aren amaieran martxan jarritako prozesu baten ondorioz, 20 denda itxiko ditu Hego Euskal Herrian, 2020-2023 bitartean.
Era berean, Gipuzkoan, 2020ko abendutik 2021eko abendura bitartean, hainbat kate eta multinazionalen dendak itxi dira: Irungo eta Eibarko Stradivarius; Garberako Zara Home; Urbilgo Masssimo Dutti; Irungo Woman Secret; Eibarko Springfield; edo Donostiako COS. Guztira, 70 lanpostu baino gehiago dira.
Greba-egunean, maiatzaren 27an, piketeak egingo dira merkataritza-zentro guztietan, goizez eta arratsaldez. 12:00etan performance bat izango da Donostiako San Martin merkataritza-gunearen inguruan eta moda-erakusleiho bat antolatuko dute. Ondoren, piketeak kalejira batekin hasiko dira.