Maiatzaren 30eko mobilizazioetan parte hartzera deitu die ELAk langabetuei

2013/05/16
ELAk Eusko Jaurlaritzaren enplegu planaren balorazio kritikoa egin du gaur goizean Bilbon izandako prentsaurrekoan, enplegu duinaren aldeko proposamenak aurkeztearekin batera. Langabezia eta maiatzaren 30eko greba orokorra lotu ditu Adolfo Muñozek. ELAko idazkari nagusiaren hitzetan greba orokorra elkartasunerako arrazoiez beteta dago. Horregatik dei egin die langabetuei greba orokorra dela-eta datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten.

 

Adolfo Muñoz "Txiki"rekin batera, Mikel Noval –arlo sozialeko arduraduna– eta Janire Landaluze –ikerketa bulegoko kidea– izan dira gaurko agerraldi publikoan.

ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzaren enplegu plana propaganda hutsa da."Landutako agiri baten itxura eman nahi du, mardula da (100dik gora orrialde), baina benetan neurriak ez dira bat ere konkretuak, ez helburuei, ez garapenari dagokienez". Era honetan,Eusko Jaurlaritzaren hasiera, enpleguari dagokionez, ezin okerragoa dela azpimarratu dute.

Enplegua sustatzeko proposamenak aurkezterakoan, Mikel Novalek azpimarratu du kalitatezko enplegua sortzeko politikak izateko lehenik erabateko aldaketa egin behar dela aurrekontu- eta zerga-politiken inguruan. Bestalde, erreforma laboralek lana malgutu egin dutela salatu du eta honek kaleratzeak gehitzea eta enplegua prekarizatzea eragin duela gaineratu du. "Malgutasun handiagoaren ondorioz langabe kopurua hazi egin da, eta horrenbestez, beharrezkoa da eskubide laboralak hobetzea, azken urteotako erreforma laboralak indargabetuz".