Maiatzean egindako kontratuen %93 aldi baterakoan izan dira
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratu berri dituen maiatzeko datuek Hego Euskal Herrian 189.188 pertsona langabezia egoeran erregistraturik daudela zehazten dute; horietatik 148.013 Euskal Autonomi Erkidegokoak dira eta gainontzeko 41.175ak Nafarroako Foru Erkidegokoak.
Horrela, aurreko hilabetean baino 6.252 pertsona gutxiago daude langabezian, joera berbera eman delarik bi erkidegoetan: EAEn langabe kopuruak 4.548 pertsonatan egin du behera, eta Nafarroan 1.704tan. Iazko maiatzarekin alderatu ezkero, 16.995 pertsona gutxiago daude langabezian izen emanda: 3.501 gutxiago Nafarroan eta 13.494 gutxiago EAEn.
Langabezia gehien pairatzen dutenak emakumeak dira, langabeen %54,5 baitira, guztira 103.181 lagun: EAEn 80.090 eta Nafarroan 23.091. Gazteen langabeziari dagokionez, 13.332 gazte langabe daude HEHn, iaz baino 1.551 gutxiago. Kasu honetan, langabe gehienak gizonak dira (%51,2).
Langabeziak behera egiten duen arren, prekarietate mailak gora egiten jarraitzen du, eta egiten diren kontratu gehienen luzaera hilabete baino murritzagoa da.
Horrela, kontratazioari dagokionez, datuak kezkagarriak dira benetan: maiatzean egindako 110.728 kontratuen %93,6 aldi baterakoak dira; Nafarroan %95era iritsi delarik tenporalitatea. Urtebete lehenago behin-behinekotasuna %93,2koa zen, Nafarroan %94,5.
Langabeziak maila larrian jarraitzen badu ere, langabeziagatiko prestazioak asko ari dira murrizten. Apirilean, langabeen %38,4ak baino ez zuen jaso prestazioren bat, eta jasotzen dutenek gero eta kopuru murritzagoak lortzen dituzte.
Zehazki, Hego Euskal Herrian apirilean langabe zeuden 195.440 pertsonetatik 75.056k jaso zuten prestazioren bat, horretarako 77.703.000€ bideratu zirelarik; beraz, langabe bakoitzeko prestazio gastua apirilean 397,58 eurokoa izan zen.