Maiatzean egindako kontratuen %92,4 aldi baterakoak izan dira

2021/06/02
Maiatzean egindako kontratuen %92,4 aldi baterakoak izan dira
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako langabeziari buruzko datuek erakusten dutenez, langabezian dauden pertsonen kopuruak behera egin duen arren, prekarietateak bere horretan jarraitzen du. Datuek erakusten dutenez, behin-behinekotasunaren arazoak konpondu gabe jarraitzen du, eta, horregatik, sektore publikoetako langileak finkatzetik hasi behar da.

Hego Euskal Herrian 7.549 pertsonatan murriztu da desenplegua maiatzean, baina pandemiaren aurreko hilabeteetatik oso urrun jarraitzen dugu oraindik. Langabeziaren murrizketa hori gehiago sentitu da gizonen artean, eta horren ondorioz, langabetuen % 56,6 emakumeak dira, aurreko hilabeteetakoa baino ehuneko altuagoa.

Europarekin alderatuta, Hego Euskal Herriaren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Hego Euskal Herrian, tasa % 12,2koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 7,3koa. Beraz, datuek erakusten dute langabeziaren igoera askoz handiagoa izan dela Hego Euskal Herrian EBko kide diren herrialdeetan baino.

Maiatzean kontratuek gora egin dute iazko datuekin alderatuta, baina 2019ko mailatik oso urrun jarraitzen dute. Halaber, Espainiako Lan Ministerioak argitaratutako datuen arabera, kontratu gehienak aldi baterakoak dira, zehazki, behin-behinekotasuna % 92,45ekoa da.

Inolako prestaziorik jasotzen ez duten pertsonen ehunekoa % 55,4ra igo da apirilean; beraz, dagoeneko 93.484 pertsona daude inolako prestaziorik gabe. Gainera, lau langabetik batek (% 25,3) soilik kobratu du kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa.

Egoera honen aurrean eta ziurgabetasun-testuinguru honetan, ELAk lan-erreformaren erabateko indargabetzea exijitzen du, funtsezko gaia baita langileriaren baldintzak hobetzeko. Era berean, ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erantzukizun zuzena dutela enpleguaren egungo egoeran. Datuek erakusten dutenez, behin-behinekotasunaren arazoak konpondu gabe jarraitzen du, eta, horregatik, sektore publikoetako langileak finkatzetik hasi behar da. Neurri horiekin batera, langabeentzako laguntzak aldatu behar dira, pobrezia-egoerak saihesteko eta inor bidean ez geratzeko.