Maiatzean sinatutako lau kontratutik hiru behin-behinekoak izan ziren

2022/06/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuak hoberantz badoaz ere, ibilbide luzea geratzen da Europako batez bestekora heltzeko. HEHn erregistratutako enplegu gabeko kopurua 3.566 murriztu zen joan den hilean. Lurraldeka, Nafarroan 1.364 enplegu gabe gutxiago izan ziren, eta EAEn 113.352 enplegu gabe izan ziren, hau da, 2.202 gutxiago. Emakumeei dagokienez, azken bi hilabeteetan langabeziak behera egin duen arren, 2022ko saldoa gora doa.

Gainera, emakume desenplegatuen ehunekoa zertxobait igo da %57,7 arte, horrek esan nahi du egoera horretan 22.358 emakume gehiago egon zirela gizonen aldean. Bestalde, gazteek ere emaitza positiboa izan zuten maiatzean, 1.276 enplegu gabe gutxiago; hala ere, gazte langabeen kopuruak 2019an baino handiagoa izaten jarraitzen du. Europarekin alderatuta, HEHren desenplegu-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du, Hego Euskal Herrian tasa %10,6koa den bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa %6,2koa da.

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun-tasa pixka bat okertu da aurreko hilabetearen kopuruaren aldean; eta behin-behinekotasunaren ehunekoa oso handia da oraindik. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %73 aldi baterakoak izan ziren. Aipatzekoa da Estatuan, Nafarroa eta EAE izan zirela behin-behinekotasun tasarik altuena izan zutenak, alde handiarekin gainera; Estatuko behin-behinekotasuna ia 20 puntu beherago kokatu zen, zehazki %55ean.
Kontratazio mugagabearen barruan, Estatu mailan (ez baitago autonomia erkidegoen arabera banakatuta), %1.443 igo zen hasierako kontratuetan aldizkako kontratu finkoen erabilera. Beraz, estatistikek errealitatea makillatzen ari dira; izan ere, praktikan, aldizkako langile finkoen hobekuntzak hutsalak dira aldi baterako kontratuen aldean.
Enpleguaren datuak txarrak ez badira ere, egia osoa da langile klasea pobretzen ari dela. Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, asko soldata baxuekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko kontratuekin, lan-erreformaren ondoren aldizkako langile finkoen izenaren atzean ezkutatu nahi dituztenak. Horregatik, egoera horren aurrean, antolaketa eta mobilizazioa behar dira, langile-klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.