Maier-Mondragon taldeak ELAko ordezkari bat kaleratu du, bajan egoteagatik
MONDRAGON TALDEAren MAIER NAVARRA enpresako ELAko ordezkari, kaleratua izan zen Ultzama bailarako lantegitik, aldez aurreko abisurik eman gabe, aldi labur batean bajak metatzeagatik, Langileen Estatutuaren 52 d) artikulua betez. Enpresa Batzordea UGTko 6 kidez eta ELAko 3 kidez osaturik dago.
Langileen Estatutuaren artikulu hori azken lan-erreformaren bidez aldatu zen, eta horrela enpresetan horrelako bidegabekeriak egiteko aukera eman zen. Erreforma hori langabeziaren hain tasa handiak jaisteko konponbidea izanen zela aldarrikatu zen; baina, ageri denez, ondorioa justu kontrakoa da, kaleratzeak nabarmen erraztu baititu, langileen osasunaren kaltetan eta guzti.
MAIER NAVARRAn ez da sekula gertatu horrelakorik. Erabat onartezina da Mondragon Taldeak ordezkari sindikal bat kaleratzea, bajan egote hutsagatik. Horregatik, ELAk lanuztea egin du gaur 13:00etatik 15:00ak arte (goiz eta arratsaldeko txandetan) eta 22:00etatik 23:00ak arte (gaueko txandan).
Lanuzteen helburua gure lankidea lanera berriz onartzea da; eta baita enpresa, lankideak osasun-arazoak izateagatik kaleratzeko asmoz, artikulu horretaz baliatzeari uko egitera behartzea ere.