BIZKAIKO OSTALARITZA

Maillot horia prekarietateari

2023/07/12
Bizkaiko Ostalaritzan ekainaren 29an eta 30ean deitutako grebaren jarraipena handia izan zen

Uztailaren 1ean hasi zen Bilbon Frantziako Tourra, munduko txirrindularitza lasterketarik garrantzitsuena. Guztira, neurri handiagoan edo txikiagoan amets bera helburu duten 178 txirrindulari abiatu ziren: maillot horia, sailkapen nagusiko liderra bereizten duen jantzia. Patronalentzako txirrindulari-lasterketa bat egongo balitz, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea maillot horia irabazteko hautagai izango litzateke, zalantzarik barik. 22.000 pertsona inguruk egiten dute lan sektore horretan Bizkaian. Langile horiek ez dute hitzarmena berritu 2020tik. Ez da zaila imajinatzea horrek erosteko ahalmenaren galera bortitza dakarrela; soilik azken bi urteetan, 2021ean eta 2022an, KPIaren igoera %12,9koa izan da. Tourraren tirabira mediatikoa lan-prekarietatea gizarteratzeko baliatzea erabaki duten langileak dira.

Janire Ornes Bizkaiko ostalaritza arduradunak azpimarratu du Tourrak arazoak biderkatu dituela. “Etengabeko prekarietatean bizi gara. Tourra bezalako ekitaldiek arazo hauek enegarren potentziara igotzen dituzte. Lanaldiak luzatu egiten dira; langile batzuek kontraturik gabe lan egiten dute, eta, gainera, ez dagokien kategoria batean; egutegian aldaketak ezartzen dira egun batetik bestera… Egoera horiek egunero jasaten ditugu, baina orain ugaritu egiten dira”.

Negoziazioa blokeatuta

Ostalaritzako hitzarmena berritzeko negoziazioa blokeatuta dago patronalaren erruz. “Otsailetik gaude bildu barik –salatu du Janire Ornesek–. Negoziazio mahaiaren azken bilera otsailaren 6an izan zen, eta ordutik ez dugu patronalaren berririk. Argi dago sektoreko langileentzat zenbat eta beranduago berritu hitzarmena, orduan eta okerragoa dela, erosteko ahalmenaren galera etengabe handitzen delako”.

“Patronalaren jarrera –jarraitzen du– etsigarria da. Argi utzi digute ez dutela KPIari lotutako soldata-igoerarik proposatuko, eta ez dutela lanaldi-murrizketaren gaian sartu nahi. Bi gai horiek, soldata eta jardunaldiak, funtsezkoak dira ELArentzat. Azken bi urteetan KPIa %12 baino gehiago igo da, eta soldatak izoztuta daude oraindik. Lanaldiari dagokionez, hitzarmenak 1.750 ordu jasotzen ditu urtean, Gipuzkoan edo Araban baino dezente gehiago”.

Pandemia aitzakia gisa

Janire Ornesek nabarmendu duenez egoerak okerrera egin du azken urteotan, Covidak eragindako pandemiaren ondorioz. “Sektoreko enpresek gure sakrifizioaren kontura handitu gura dituzte irabazi marjinak. COVID-19ak sortutako faktura guk ordaintzea gura dute. Pandemia piztu zenetik, ERTEak bata bestearen ondoren etorri dira sektorean, eta horiekin batera ezegonkortasuna. Hilabete askotan zehar lan-egutegirik gabe egin behar izan dugu lan, eta hori malgutasun ekonomikoa irabazteko baliatu dute enpresek”.

ELAk %46ko ordezkaritza du sektorean. Bere eskubideen defentsan aktibatzen eta borrokatzen ari den sektorea da. Testuinguru horretan, ELAk ekainaren 29an eta 30ean deitutako grebei eta mugimenduei buruzko oso balantze positiboa egin du.

“Jarraipena oso zabala izan zen, batez ere hoteletan –Indautxu, Mercure, Ercilla, Occidental, Oriol Jauregia...–, horietako batzuetan %100 ingurukoa izan baitzen. Turista eta Tourrean parte hartzen ari diren talde askok, eSoudal Quick Step, Jumbo-Visma edo AG2R Citroën Team besteak beste, soluzio alternatiboak bilatu behar izan zituzten. Argi dugu mobilizazioa dela patronalak bere itxitasuna uzteko bide bakarra. Greba horrek inflexio-puntua markatu behar du, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak lan-baldintzak hobetuko dituen eta erosahalmena bermatuko duen hitzarmenaren negoziazioei berriro ekin diezaien”.

AKORDIO TXARRA NAFARROAKO OSTALARITZAN

Ekainaren 22an, UGTk eta COOk, sektoreko patronalarekin batera, Nafarroako ostalaritzako hitzarmen berria sinatu zuten. Bi sindikatuek batasun sindikala hautsi zuten sektoreko grebaren bezperan, prekarietatea areagotzen duen akordio txarra sinatzeko, eta errestaurazio kolektiboko (eskola-jantokiak eta enpresa-jantokiak), janari azkarreko enpresetako milaka langile eta riderrak kanpoan utzi zituzten.

Pablo Sanchezek, Nafarroako ostalaritza sektoreko arduradunak, nabarmendu du lau urteko indarraldia duen hitzarmen berriak ez duela erosteko ahalmenari eustea bermatzen. “Soldata-igoerak ez daude KPIari lotuta (%4 2022an, %4 2023an, %3 2024an eta %3 2025ean). UGTk eta CCOOk uko egin diote soldatetan KPIa bermatzeko konpromisoari, baita mobilizazio bateratuen planteamenduan marra gorritzat ezarri ziren beste aldarrikapen batzuei ere: azpikontraten subrogazioa, lanaldi partzialen hobekuntza, riderrak hitzarmenaren aplikazio-eremuan sartzea eta Estatuko eremuaren aurrean Nafarroako hitzarmena aplikatzearen lehentasuna”.

Gainera, Sanchezek salatu duenez, hitzarmenak ez du aplikazio-bermerik izango lan-erreformen aurrean, eta enpresek alde bakarretik ez aplikatzeko aukera izango dute, baita irabaziak badituzte ere, eta ez da bermerik egongo estatuko hitzarmenen inbasioaren aurrean. “Izan ere, sektorean lan egiten duten milaka pertsonari jada ez zaie aplikatzen Nafarroako ostalaritza-hitzarmena, hemen negoziatzen direnen oso azpitik dauden lan-baldintzak dituen estatu mailako hitzarmena baizik”.